# 58

SAHARAZ HEGOALDEKO AFRIKAKO EMAKUMEAK POLITIKAN

MAPUTOKO PROTOKOLOA

SENEGALGO PAREKOTASUN LEGEA, HERRIALDE ASKOREN ERREFERENTE ETA JOMUGA

RUANDA, ALDAKETA-ITXAROPENA

AMINATA DIALLO

EMAKUMEEN IZEN PROPIOAK SAHARAZ HEGOALDEKO POLITIKAN

Mundua gero eta zaharragoa den garai honetan, Afrikako biztanleria gainerako kontinenteetakoa baino askoz ere azkarrago hazten ari da. Datu estatistikoen arabera, emakume afrikarrak munduko biztanleriaren % 8 lirateke une honetan. Mundu osoan, andrazkoen papera erabakitzailea izaten ari da mundu berdinzaleagoa lortzeko aldaketak egin ahal izateko, eta Afrikan ere, bertako dibertsitate zabala eta guzti, eraldaketa horiek gertatzen ari dira. 


Egun, herrialde baten garapena ezin da baloratu emakumeak eta haien ahalduntze zein biziraupenera bideraturiko politikak ikusarazi gabe. Andrazkoek politikan jardutea garapen-politiken hobekuntzarekin lotu ohi da, politika horiek andreen osasunarekin loturiko gaiei ere erreparatzen dietelako, eta horrek eragin positiboa du haien komunitateen osasunean. Hobekuntza horiek andreen bizi-itxaropen handiagoan eta amen nahiz umeen heriotza-tasaren murrizketan islatu ohi dira. Zenbait ikerketak aditzera eman dutenez, emakumezko parlamentari afrikarrek osasun publikoa lehentasunezko arlotzat jotzen dute; gizonezko parlamentariek, ordea, ez hainbeste.


Zalantzarik gabe, andreek politikan jarduteak eragin ezin positiboagoa du patriarkatuaren aurkako borrokan, emakumeek beren eskubideekin loturiko kontuei buruzko problematika zehatzak interpelatzen dituztelako; halere, bide hori ez da erraza izaten ari. Afrikan ere, andrazko politikariek genero-estereotipoetan oinarrituriko diskriminazioak eta irainak pairatu behar izaten dituzte. Horri aurre egiteko, emakumeak politikan aritu ahal izateko lege eta dekretu arautzaileak idatzi dira.


Alabaina, zenbaki honetan ikusiko dugun bezala, Afrikako politikaren lehen lerroan diharduten andre asko indartsu etorri dira beste errealitate batzuk ikusarazi eta lehenestera. Haietako bat Etiopiako egungo presidente Sahle-Work Zewde da, zeinak karguaz jabetzean zera adierazi zuen: “Inork uste badu emakumeei buruz asko mintzatzen naizela, presta dadila esan behar dudan guztia entzuteko”. Ezinezkoa da emakume politikari horiek guztiak aipatzea, baina garrantzitsua da norbere eremutik jokatzen duten paper eraldatzailea ikusaraztea. Guztiak ez dira parlamentuetara iristen, baina emakumeen asanbladak eta taldeak ere iraultzak bideratzen ari dira, eta aldaketa-eragileak dira.
 

Artikuluak buletin honetan...

  • 1
    MAPUTOKO PROTOKOLOA
  • 2
    SENEGALGO PAREKOTASUN LEGEA, HERRIALDE ASKOREN ERREFERENTE ETA JOMUGA
  • 3
    RUANDA, ALDAKETA-ITXAROPENA
  • 4
    AMINATA DIALLO
  • 5
    EMAKUMEEN IZEN PROPIOAK SAHARAZ HEGOALDEKO POLITIKAN

Horrela izendatzen da Giza Eskubideen eta Herrien Gutun Afrikarraren (1981) eranskina, non emakumeen eskubideak bermatzen diren. Protokoloa, 2003an sinatu eta indarrean 2005ean sartu zena, aurrekaririk gabeko lege-tresna da, andrazkoen eskubide orokor eta zehatzak bermatzen dituena. Bertan, eskubide zibil eta politikoetan berdintasuna ezartzen da emakumeentzat, eta, hala, haien parte-hartze eta ordezkaritza politikoa ziurtatzen da, hala nola berdintasunerako eskubidea familia-harremanetan, lurra izateko eskubidea… Izan ere, Afrikan, elikagaien % 70 haiek ekoizten badituzte ere, lurren % 5 besterik ez dute jabetzan. 


Solidarity for African Woman-en (SOAW) arabera, emakumeen eskubideen gaineko agiririk progresista eta osatuena da, nahiz eta herrialde askotan testuak agintzen duena baino askoz gutxiago aplikatu. Ruandan ere, munduan berdintasun formal handiena duten herrialdetako bat izan arren, errealitatea nahiko kaskarra da. Tresna politikoei dagokienez aurrerapauso handiak egin dira, baina jendartean ez da berdin gertatu; kasu batzuetan, “familia-zuzenbideari” hertsiki lotuta jarraitzen du, usadio eta ohiturei. Ondorioz, azkenean, testuan proposaturiko aurrerapenetako zenbait oztopatu egiten dira. 


Afrikako 54 estatuetatik 49k sinatu dute Maputoko Protokoloa, nahiz eta horien arteko 14k oraindik ez duten berretsi. Hiru herrialdek ez dute ez sinatu ez berretsi: Maroko, Egipto eta Botswana.

“Afrikako estatuek berehala berretsi behar dute Maputoko Protokoloa, andre afrikarren giza eskubideek ezin dutelako itxaron, munduko beste edozein pertsonaren kasuan bezalaxe". Graça Machel, politikari, irakasle eta gizarte-ekintzailea. 

Nabarmendu beharra dago testuaren kapitulu bat emakumeen kontrako jardunbide kaltegarriei eskainia dagoela, besteren artean Emakumeen Mutilazio Genitalari. Testuak ikuspegi intersekzionala du; hots, emakumeei buruz aritzean, kontinenteko dibertsitatea aintzat hartzen du, herrialde eta kultura oso desberdinek osatzen duten hori, eta, ondorioz, bertako heterogeneotasuna islatzen du. Emakumeaz ez da mintzatzen kontzeptu bakar eta berdina balitz bezala, baizik eta desberdintasuna ikusaraziz eta aldarrikatuz.
 

2010eko maiatzaren 28an, Parekotasun Legea onartu zen Senegalen, zeinaren bidez hautaturiko erakunde guztiek erabateko parekotasuna bermatzeko eta izateko betebeharra arautzen den. Lege hori Senegalgo emakumeek egin zituzten martxa ugariek eta ekintzek ahalbidetu zuten. Halere, Legea onartzea ez zen nahikoa izan, eta mobilizazioak egin zituzten haien izenak alderdien zerrendetan jaso zitezen lortzeko.


Egun, arau honi esker, emakumeen ordezkaritza politikoari dagokionez Senegal parekotasun handiena duten herrialdeen artean dago. 2019ko otsaileko hauteskundeetan, guztira 165 diputaturen artean 71 andre hautatu zituzten, % 43, hain zuzen; ministro izateko, ordea, 25 gizonen aldean 8 besterik ez, % 24, alegia.


Lege honekin, emakumeen parte-hartze politikoa blokeatzeari aurre egin ahal izan zitzaion, erlijioaren, tradizioaren edo kulturen babespean bultzaturiko blokeoei, alegia. Ordezkaritza politikoan aurrerapenak izan dira, baina oraindik ere alde handiak daude landa- eta hiri-eremuen artean. Gaur egun Senegalen dauden 300 alderdi politikoetatik hiruk besterik ez dute emakume bat buruzagi.


Nazioarteko, eskualdeko eta estatuko akordio ugariak gorabehera, andreek izugarrizko desparekotasuna jasaten jarraitzen dute. Xedea da, ordezkaritzan parekotasuna erdiesteaz gain, parekotasun horren kalitatea aztertzea, hau da, nolakoa den alderdi politikoen barne-banaketa, zein postu eta ardura betetzen dituzten emakumeek eta gizonek, eta eginkizunak zuzen banatzen direla egiaztatzea.  Hala eta guztiz ere, Lege hau herrialde askoren erreferente eta jomuga bihurtu da.
 

2017an, Ruanda 4. postuan zegoen Munduko Ekonomia Foroaren genero-arrakalari buruzko txostenean, parekotasunari dagokionez erreferente diren herrialdeen (Suedia edo Kanada, esaterako) aurretik. Herrialde afrikarrak nozitu zuen genozidioaren osteko berreraikitze-prozesuak zerikusi handia du aipatu postua lortu izanarekin. 


Emakumeen rola, genozidioan pairatu zituzten ondorioen ostean, funtsezkoa izan zen herrialde berreraikitzeko orduan, andre asko nekazari, eraikitzaile edo aldaketaren ekintzaile bihurtu baitziren. Emakume-elkarte asko sortu ziren, besteak beste Pro-Femmes, giza eskubideen emakume defendatzaileek  osaturiko erakundea, herrialdeko politikan paper garrantzitsua izan zuena eta oraindik ere baduena.


2003ko Konstituzioak, aitzinsolasean, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna aipatzen du herrialde berriaren funtsezko oinarri gisa. Ez da hori, baina, Ruandako legeetako aipamen feminista bakarra: 2008an, Genero Indarkeriaren Legea onartu zen, non babes berritzaileak jaso ziren, ezkontideen arteko bortxaketen debekua eta 3 hilabeteko amatasun-bajaren derrigortasuna, adibidez; 2009an, Lanaren Legea onartu zen, soldata-desparekotasunaren eta laneko sexu-jazarpenaren kontrako neurriak bildu zituena.  
Halaber, Ruanda izan da munduko lehen herrialdea parlamentu nazionalean ordezkaritza femenino handiagoa izaten: emakumeak gizonezkoak baino gehiago dira behe-ganberan, 89 ordezkaritik 49, zehazki.  


Genero eta Familiaren Sustapenerako Ministerioa ere badu herrialdeak, eta zuzenean aritzen da lanean Emakumeen Kontseilu Nazionalekin, alegia, herrialdeko politiketan konpromiso feminista finkatzeaz arduratzen diren foroekin. Orobat, Genero Jarraipenerako Bulegoa dago, non jendarte zibilak eta toki- nahiz eskualde-mailako erakundeek parte hartzen duten. Genero-ministro Esperance Nyirasafarik lorturiko zenbait aurrerapen aurkeztu zituen Emakumeen Estatuserako Nazio Batuen Batzordean; besteak beste, muturreko pobrezian bizi diren andreen ehunekoa murriztu egin dela: 2001ean, % 40koa zen; 2014an, ordea, % 16,3koa. Beste aurrerapen bat, lurra eskuratu ahal izatea: andrazkoen % 26k jabetzan dituzte, eta % 54k senarrarekin baterako jabetzan. 

Hala ere, beste herrialde askotan bezala, Ruandan ez dago benetako berdintasunik, politika feminista oso progresistak baditu ere. Landa- eta hiri-eremuetako andreen arteko aldea oso handia da oraindik, eta, beste neurri batzuen artean, hezkuntza jasotzea ziurtatzea falta da. Izan ere, landa-eremuetan, emakumeen % 24 sekula ez dira joan eskolara; hiri-eremuetan, aldiz, ehunekoa % 13koa da. Gainera, ikasgeletan irakasle eta ikaskideek pairarazten dieten indarkeria matxista oso handia da lurralde osoan.


Beste datu batzuei erreparatuta, argi dago asko dagoela egiteko. Emakume ruandarrek gizonek baino 20 ordu gehiago ematen dute astean etxeko lanak egiten, hala nola haurrak zaintzen eta komunitatearekin loturiko lan boluntarioan. Patriarkatuak Ruandan ere bizirik dirau, aipatu politika aurreratuak izan arren. Andreen % 34k onartzen dute bizitzan noizbait sexu-indarkeria edo bortxa fisikoa jasan dutela bikotekidearen aldetik. Nahiz eta hartu diren neurriek argi-izpiak ekarri Ruandako andrazkoen bizitzara, itzal gehiegi daude oraindik ere.
 

Aminata Diallo zuzenbide islamiarrean doktoratu zen, 2018an; hala, Ginea-Konakryn hori egin zuen lehen emakumea bihurtu zen. Irakaskuntza-, ikerkuntza- eta dibulgazio-jarduna bere jatorrizko herrialdean eta islamean gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna sustatzera bideratzen du.  Joan den abenduan (2019), Bilbon izan zen, Afrikako Emakumeen Giza Eskubideei buruzko Nazioarteko Mintegian, Nazioarteko Elkartasunak antolatuta, eta elkarrizketa txiki hau egin genion:


Zein traba izaten dituzte bizitza politikoan parte hartu nahi duten andreek?


Emakumeek politikan jardun ahal izatea oztopatzen duten mugak soziokulturalak eta politiko-instituzionalak dira: lehenak emakumeek jendartean duten egoera tradizionalarekin lotuta daude, beren komunitateetan erlijioak eta gizonek duten botereagatik.


Bigarrenak, berriz, emakumeen toki-mailako ordezkaritza politikoarekin, trabek zerikusia baitute hezkuntzarekin, eskolatzearekin, egoera sozioekonomikoarekin, ingurunean duten integrazio-mailarekin eta beren herrian emakumezko buruzagi gisa duten eraginarekin.


Aipatu beharra dago andrazkoak ezkondu eta berehala ama izango direla, ia denbora guztia familiaburuak izango dira; gainera, landa-eremuetan bizi badira, nekazaritza-sektorean edo eurenak ez diren lurretan ariko dira lanean, lan-baldintza kaskarretan: garraio klandestinoa, soldata miserableak… Nola hitz egin daiteke parte-hartze politikoaz halako testuinguruetan? Normalean, jendarte tradizionalean, neskatilen hezkuntza etorkizunean izango duten emazte- eta ama-paperera mugatzen da. “Ezkontza da haien patu bakarra”.


Erlijio-kontuei dagokienez, zera galdetzen diot neure buruari: 


Zergatik jotzen dira emakumeak, ia edonon eta ia beti, gizonak baino gutxiagotzat, eta izaten dira baztertuak, diskriminatuak eta bereiziak? 


Galdera horiei erantzuten saiatzea emakumeen bazterketaren oinarriak bilatzea da, bai islamistentzat bai erlijio katolikoaren jarraitzaileentzat.


Emakumeak, oraindik ere, bakanak dira eremu politikoan: 2015ean, andre ginearrek parlamentuko aulkien % 22 izan zituzten, eta ministerio-postuen % 15. Politika, Ginean, gizonen eta bakarrik haien esparrua da, ia, oraindik ere, eta haien eta emakumeen artean diskriminazio ugari daude, instituzionalizatuak edo de facto.

Zure ustez, emakumeen kontrako indarkeriari dagokionez, badago alderik hiri- eta landa-eremuen artean?  
Ez, andreen aurkako indarkeria eremu bietan da ohikoa, nahiz eta jatorri etnikoaren arabera apur bat aldatu.


Dena den, haur-ezkontzaren ehuneko handiaz ere hitz egin beharra dago, Ginean munduko handienetakoa baita: batez beste, 5 neskatilatik 3 18 urte bete baino lehen ezkontzen dira.
Herrialdeko eskualde jakin batzuetan, Goialdeko Ginean, Erdialdeko Ginean eta Basoaldeko Ginean, hain zuzen, ezkontza goiztiarraren tasa % 70 baino handiagoa da: Saharaz hegoaldeko Afrikako batezbestekoa (% 37) baino bi bider handiagoa.  


Sumatu duzu erresistentziarik emakumeen artean politika hautatu duten andreekiko? 


Bai. Oro har, ez daude emakumeen jardunbide politikoen alde, kasu askotan ez dute konfiantzarik andrazko hautagaiengan, eta beren ahotsa gizonei emateko joera dute. Horren azalpena da emakumeek kontzientzia politiko eta legal urria dutela. Eskuarki, emakumeak ez dira jabetzen beren hauteskunde-botereaz eta aldaketa eraginkortasunez bultzatzeko gaitasunaz. 


Zein bide erraz lezakete emakumeak karrera politikoan sartzea?


Nire ustez, bideetako bat elkarteek erraz lezakete. Elkarte-giroak aukera ematen die andreei beste andre batzuekin harremanetan sartzeko, lotsa galtzeko eta herrialdean izaten ari den eztabaida politikoaren gainean interesa izateko.


Gune horietan, emakumeek esparru parte-hartzaile baten bitartez behatzen dute elkar, eta, oro har, bizitza politikoan gora egiteko tranpolina izaten dira.


Beste bide bat oinordetza politikoa litzateke. Kontzeptu horrekin, pertsona batek bere aita, ama edo ezkontidearen iragan politikoaren ondorioz goza dezakeen sinesgarritasun moraleko kapitalaren etekinaz ari gara. Andrazko asko ate horretatik sartu dira politikan, Sékou Touré presidentea eta haren alaba Aminata Touré, kasurako.
 

Sekula ez dira izango nahikoa, ugariak badira ere, Afrikan jardun politikoaren lehen lerrora iristen ari diren andreak. Hona hemen haietako batzuen biografia laburrak.


GRAÇA MAHEL


Mozambiken jaioa, 1945ean, politikari, irakasle eta gizarte-ekintzailea da. Bi naziotako lehen dama izan den lehen emakumea da: lehenengo Mozambikekoa eta gero Hegoafrikakoa. Dena den, haren ibilbideari jarraitu diotenen esanetan, bere papera lehen damarena baino askoz ere handiagoa izan da. 


1975 eta 1989 bitartean, Mozambikeko Hezkuntza eta Kultura ministroa izan zen. Garai hartan, Gobernuko emakume bakarra zen, eta herrialdeko historian ministerio batean sartu zen lehen andrea. Bere agintaldian, nabarmen handitu zuen herrialdeko alfabetatze-tasa. 


Nazioartean, Nelson Mandelaren emaztea izan zelako da ezaguna, nahiz eta bere ibilbide politiko eta ekintzailea izan den nagusi bere bizitzan. Besteak beste, Nazioarteko Lankidetzaren Asturiasko Printzesa Saria jaso du.

ELLEN JOHNSON-SIRLEAF


Monrovian (Liberia) jaio zen, 1938an. Gurasoen jatorria apala zen, baina aitak gobernu nazionalean kargu bat izan zuen lehen indigena liberiarra izatea lortu zuen. Ellenek Harvarden egin zituen ekonomia-ikasketak, eta NBEn eta Munduko Bankuan lan egin zuen.  


2005ean, Afrikako lehen emakume presidentea bihurtu zen, Liberiakoa, hain zuzen, eta 2008ra arte bete zuen kargua. 


"Badugu gure ametsak betetzea. Munduko emakume ugarien artean, nabarmendu gaitezke, zutik egoteko altxatuko gaituen lidergo eredugarria eskainiz, ni andreen ordezkaria izateko altxatzen naizen bezala”.
Bere herrialdeko ustelkeriaren aurka aktiboki borrokatu zen, eta birritan espetxeratu zuten 80ko hamarkadan. Emakumeen eskubideen defendatzaile aparta, andrazkoek Ruandako genozidioan izan zuten eta Kongoko gatazkan duten paperari buruzko ikerketa-batzordeetan parte hartu izan du.


Beste sari batzuen artean, Bakearen Nobel saria jaso du, Leymah Gboweekin eta Tawakkul Karmanekin batera, andreen eskubideen alde indarkeriarik gabe egindako borrokagatik.

JOYCE BANDA


1950ean jaio zen, Zomban (Malawi). 


Genero, Haurren Ongizate eta Zerbitzu Komunitarioetako ministroa izan zen. 2006an, Kanpo-arazoetako ministro izendatu zuten, eta gero, 2009an, Gobernuko presidenteordea. Mutharika presidentearen ustekabeko heriotzaren ostean, 2012ko apirilaren 7an herrialdeko presidente bihurtu zen, eta kargua 2014ra arte bete zuen.

2011n, Forbes aldizkariak Afrikako hirugarren emakumerik boteretsuena izendatu zuen.


"1989an eseri, eta pentsatu nuen bizitza osoa emango nuela emakumeei eta gazteei ahalduntze sozial eta politikoa berenganatzen laguntzen, negozioen eta hezkuntzaren bidez. Emakumezkoen ahalduntze ekonomikoa funtsezkoa izango zela sinetsi nuen, bereziki herrialde honetan, non emakume gehienak ez diren eskolara joaten".


Abokatua eta Malawiko Emakume Merkatarien Elkartearen sortzailea. Andrazko asko, elkarteak lortutako finantzaketari esker, lehen gizonak nagusi ziren sektoreetan (karea, xaboia eta egurra) enpresaburu jardun ahal izan zuten.  
 

Buletina konpartitu

URL hau erabili dezakezu kopiatzeko...

https://mep.solidaridadsi.org/eus/mujeres-en-la-politica-en-el-africa-subsahariana

URL hau erabili dezakezu kopiatzeko...

Gracias por tu interés

Pronto recibirás el siguiente número de MEP en tu email.


Hay un error

Comprueba tu dirección de email y vuelve a intentarlo.