Mundua gero eta zaharragoa den garai honetan, Afrikako biztanleria gainerako kontinenteetakoa baino askoz ere azkarrago hazten ari da. Datu estatistikoen arabera, emakume afrikarrak munduko biztanleriaren % 8 lirateke une honetan. Mundu osoan, andrazkoen papera erabakitzailea izaten ari da mundu berdinzaleagoa lortzeko aldaketak egin ahal izateko, eta Afrikan ere, bertako dibertsitate zabala eta guzti, eraldaketa horiek gertatzen ari dira.
Egun, herrialde baten garapena ezin da baloratu emakumeak eta haien ahalduntze zein biziraupenera bideraturiko politikak ikusarazi gabe. Andrazkoek politikan jardutea garapen-politiken hobekuntzarekin lotu ohi da, politika horiek andreen osasunarekin loturiko gaiei ere erreparatzen dietelako, eta horrek eragin positiboa du haien komunitateen osasunean. Hobekuntza horiek andreen bizi-itxaropen handiagoan eta amen nahiz umeen heriotza-tasaren murrizketan islatu ohi dira. Zenbait ikerketak aditzera eman dutenez, emakumezko parlamentari afrikarrek osasun publikoa lehentasunezko arlotzat jotzen dute; gizonezko parlamentariek, ordea, ez hainbeste.
Zalantzarik gabe, andreek politikan jarduteak eragin ezin positiboagoa du patriarkatuaren aurkako borrokan, emakumeek beren eskubideekin loturiko kontuei buruzko problematika zehatzak interpelatzen dituztelako; halere, bide hori ez da erraza izaten ari. Afrikan ere, andrazko politikariek genero-estereotipoetan oinarrituriko diskriminazioak eta irainak pairatu behar izaten dituzte. Horri aurre egiteko, emakumeak politikan aritu ahal izateko lege eta dekretu arautzaileak idatzi dira.
Alabaina, zenbaki honetan ikusiko dugun bezala, Afrikako politikaren lehen lerroan diharduten andre asko indartsu etorri dira beste errealitate batzuk ikusarazi eta lehenestera. Haietako bat Etiopiako egungo presidente Sahle-Work Zewde da, zeinak karguaz jabetzean zera adierazi zuen: “Inork uste badu emakumeei buruz asko mintzatzen naizela, presta dadila esan behar dudan guztia entzuteko”. Ezinezkoa da emakume politikari horiek guztiak aipatzea, baina garrantzitsua da norbere eremutik jokatzen duten paper eraldatzailea ikusaraztea. Guztiak ez dira parlamentuetara iristen, baina emakumeen asanbladak eta taldeak ere iraultzak bideratzen ari dira, eta aldaketa-eragileak dira.