Konta iezaguzu apur bat zuri buruz: nola duzun izena, non jaio zinen, zenbat urte dituzun...
Nire izena Yuri Natalia Ajcalón Xalix da, 28 urte ditut, emakume maia naiz, kaqchikel hizkuntza hitz egiten dut, eta aitak lan egiten zuen lursailean jaio nintzen. Gizarte Lana Lizentzia ikasi nuen Guatemalako Mariano Gálvez Unibertsitatean, eta, nerabezarotik, partaidetza politiko eta herritarrarekin loturiko prestakuntza-prozesuetan parte hartu izan dut, nire komunitatean esku hartzen zuten talde eta erakundeen bidez.
Zein ikasketa edota prestakuntza duzu?
Prestakuntza jasotzeko eta esperientziak trukatzeko prozesuetan parte hartu dut, lege-sustatzaileekin, indarkeriaren biktimei laguntzeko. Horrez gain, Sexualitaterako Hezkuntzari buruzko ikastaroak egin ditut, Giza Eskubideen ikuspegitik, eta, era berean, Herri Hezkuntzari buruzko prestakuntza politikoko prozesuetan parte hartu dut, komunitate-eremuetan errazte-tresna gisa. Lidergoa genero-ikuspegi feministatik sendotzearen arloko ikastaro trinkoak egin ditut, egun Garapenerako Batzorde Komunitarioko kidea naiz, eta AMLUDIn, Garapen Integralerako Luqueko Emakumeen Elkartean, lan egiten dut, genero eta parte-hartze herritarrerako erraztaile.
Nola heldu zinen AMLUDIra?
Erakunde arteko koordinazioen bidez iritsi nintzen; horietan, Udalerrian zeuden erakundeen hainbat ordezkarirekin interakzioan aritzen ginen, eta horrela ezagutu nuen AMLUDIk landa- eta hiri-komunitateetan egiten duen lana. Hala, jendartean nire aletxoa beste ikuspegi batetik jartzeko gogoa piztu zitzaidan. AMLUDIra sare sozialetan egin zen deialdi baten bitartez heldu nintzen, ez nuen zalantzarik izan neure burua aurkezteko.
Noiztik ari zara lanean indarkeria matxistaren kontra?
Indarkeriaren biktima ziren andreen oihuak eta negarrak entzuten hasi nintzenetik, eta sumatzen bazirela "Auzokoa berak probokatu duelako jo dute" zioten pertsonak; egoera ikusita, banituen arrazoiak horri amaiera ematearen alde borrokatzeko. Behin emakumeon Giza Eskubideak ezagutu eta onartu nituenean, sarri eta asko jartzen nuen zalantzan esku hartzen nuen esparruetan gertatzen zena, eskoletan, lagunekin eta familiartean. Halaber, nire ekarpena beti egon da emakume eta profesional gisa egin dudan ibilbide txikian.
Zerk bultzatu zintuen borroka horretara?
Egoera horiek gogoan, antolaketa- eta partaidetza-guneetan sartzeko eta aritzeko interesa sortu zitzaidan. Dena den, ez zen erraza izan. Modu horretan, andreon Giza Eskubideak ezagutzen hasi nintzen, eta hori oinarrizkoa izan zen informatzen eta prestatzen jarraitzeko, bai eta nire ezagutzak lagunartean zabaltzeko ere.
Nolakoa da zure lana?
Nire eginkizuna, egun, emakumeen, emakume indigenen, nerabeen eta gazteen Giza Eskubideen arloan esku hartzen dugun hainbat eragile informatzea, prestatzea, kontzientziatzea edota sentsibilizatzea da, eremu pribatuan eta publikoan bortxazko jarrerak eta ekintzak arintzen laguntzeko ahaleginean bat egiteko. Orobat, komunikatuen, foroen eta prentsaurrekoen bidez, gure jarrera agertu dugu, gogoetak sustatu ditugu, eta Estatuari eskatu diogu erantzun bat emateko andrazkoek parte hartzeko eta esku hartzeko esparruetan bizi dituzten egoerari eta zaurgarritasunari; hots, andreek berentzako gune sendoak sortzeko beharra dutela aldarrikatu dugu, eta beren eskubideak estereotipatuak izan gabe egikaritu ahal izatea. Andrazkoen aurkako estigma eta paradigma oro desagerrarazteko lanean ari gara, beren Giza Eskubideak egikaritu ahal izateko.
Zure esperientziaren arabera, zein da indarkeria matxistatik bizirik atera den emakumearen profila?
Bi profil daude. Batetik, gogo eta energia urriak erakusten dituena, autoestimu ertainekoa, prestakuntza jasotzeko eta familia- edo komunitate-inguruneko talderen batean parte hartzeko interes eskasa duena, indarkeriaren egoera larriak uzten dituen ondorioen beren eraginez. Bestetik, segurtasuna eta dagozkion Giza Eskubideen gaineko prestakuntza jasotzeko interesa erakusten dituena, indarkeriaren zirkuluan murgilduta dauden emakumeei laguntzen diena, informazioa emanez eta bere ezagutzak transmitituz.
Zure ustez, egun, zein da zure komunitateko emakumeen egoera?
Egun, agerian dago emakumeon Giza Eskubideen aitorpenean aurrera egin dela komunitatean. COVIDak, hasieran, familiarteko indarkeria-adierazleak azalarazi zituen, eta, hori dela eta, sentsibilizazio- eta kontzientziazio-estrategiak sortu ziren indarkeriaren prebentzioa eta salaketa-kultura bultzatzeko, kontzientzia sortzen lagundu dutenak. Halere, emakumeok jasan beharreko matxismo, diskriminazio eta botereei dagokienez mendekotasuna ikusten jarraitzen dugu.
Zure iritziz, zure komunitate edo herrialdean, zein dira indarkeria matxista betiko desagerrarazteko aldaketarik garrantzitsuenak?
Aldaketak dinamikoak izan dira, indarkeria matxistaren desagerpenaren alorrean andrazkoek eginiko eskaeren araberakoak. Udal-, departamendu- eta estatu-mailan egun ezartzen ari den ekarpen garrantzitsuenetakoa ahaleginak bateratzea da, kolektibitateen bitartez, gure jarrera aditzera emateko eta Estatuari kultur egokitasunean oinarrituriko arreta integrala berma dezan eskatzeko, bai eta emakume indigenen estigmatizazioaren gaitzespena ere.
Tailerrak egiten ari dira funtzionario publikoentzat, udaletako kideentzat, hezkuntza-, osasungintza-, segurtasun- eta justizia-arloetako langileentzat, andreen aurkako indarkeriaren fenomenoaz kontzientzia daitezen, edozein sozializazio-eremutan bizitza duinaz gozatzeko ahalmena mugatzen duen horretaz, hain zuzen ere.
Komunitate-mailan, halaber, gizonei prestakuntza emateko guneak sortu dira, indarkeria bere adierazpen guztietan prebenitu beharra nabarmenduta, baita aitatasun arduratsua eta familiako aitek jendartean duten rola ere.
Agerian geratu den aldaketa positiboenetako bat buruzagiak komunitateko batzarretan erakusten ari diren kontzientziazioa da, indarkeriaren prebentzioari dagokionez. Beste bat da komunitateko garapen-batzordean andrazkoek parte hartzeko guneak sortu direla; hala, komunitatean garatzeko ekintza-proposamenak aurkeztu dira, eskubide- eta aukera-berdintasunean oinarrituriko Lan-egitasmotik abiatuta. Azkenik, oso gauza ona da gazteak, emakume helduak, komunitateko andrazko buruzagiak eta batzorde komunitarioetako kideak komunitate- eta udal-mailako prestakuntza-prozesuetan parte hartzen ari izatea, bai ezagutzak zabalduz ekintzak dibulgatzeko bai salaketa-protokoloari buruzko afixak izateko eta indarkeria-kasuak artatzen dituzten erakundeetako telefono-zenbakien gainean informatzeko.
Konta iezaguzu apur bat zuri buruz: nola duzun izena, non jaio zinen, zenbat urte dituzun, zein ikasketa edota prestakuntza duzun, nola heldu zinen AMLUDIra eta zein kargu duzun.
Amalia Tzay Cutuj dut izena, Santo Tomás Perdido onibarrean jaio nintzen eta 45 urte ditut. Lehen Hezkuntzako laugarren mailaraino ikasi nuen, Santo Tomás lursailean eta José Enrique de León eskola pribatuan; ikasketak amaitu nahi nituen, eta gutxienez Lehen Hezkuntzako 6. maila burutu, baina, tamalez, amak esan zidan ezin nuela ikasten jarraitu neba-arreba adingabeak zaindu behar nituelako, ni baino ez bainengoen horretarako. Horrexegatik ez nituen bukatu ikasketak. Handik denbora batera, zehazki 15 urte nituenean, ezkondu egin nintzen eta familia bat osatu nuen; gero, ezkondu eta 3 urtera, senarraren indarkeria fisiko eta psikologikoa jasan nuen. Hain zuzen une latz haietan, Elkarteko emakume-sare batean sartzeko gonbidapena egin zidaten, gurekin lan egiteko eta emakumeon eskubideak babesteko prestatzen hasi ziren garaian. Orduan, tailerrak egiten zituzten gure autoestimua lantzeko eta, horrela, geure burua ahalduntzeko. Hainbat urteren ondoren, Elkarte formala bihurtu zen (AMLUDI), bulego eta guzti. Eskaintzen zizkiguten prestakuntza-saioei esker, zuzendaritza-batzordeko kide bihurtu nintzen eta, 2014an, graduazioa izan zen urtean, lege-sustatzaile. Orain ere, lege-sustatzaile jarraitzen dut indarkeriatik bizirik atera diren andrazkoei zerbitzu ematen.
Noiztik ari zara lanean indarkeria matxistaren aurka? Zerk bultzatu zintuen borroka horretara? Nolakoa da zure lana? (laburbilduta)
2008an hasi nintzen indarkeria matxistatik bizirik atera diren emakumeei laguntzeko lan egiten, laguntza behar nuelako informazio horrekin nire eskubideak eta haienak defendatzeko. Lege-sustatzaileok dagozkion instantzietara laguntzen diegu indarkeriaren biktima diren emakumeei, eta komunitateetan indarkeria pairatzen duten emakumeen kasuak detektatzen ditugu, lortu nahi duten babesari dagokionez aholkatzeko eta bideratzeko.
Zure esperientziaren arabera, zein da zure komunitatean indarkeria matxistatik bizirik atera den emakumearen profila?
Emakume ahaldundua da. Izan ere, elkarteak (AMLUDI) andreen eskubideen gainean egiten dituen tailerren bidez, emakumeek beren eskubideak ezagutzen dituzte, eta badakite AMLUDIra jotzen behar duten arreta jaso ahal izateko.
Zure ustez, egun, zein da zure komunitateko emakumeek bizi duten egoera? COVID-19ak are okerragoa bihurtu du?
Pandemiaren ondorioz, indarkeria-kasuen kopurua hazi egin da: andreen bizikideek denbora gehiago ematen dutenez etxean, andreok indarkeria gehiago jasaten dute. Nire komunitateko emakumeek bortxakeria pairatzen dute oraindik beren bikotekideen aldetik; ez haiek bakarrik, baita haurrek ere, pandemiagatik eskolak ez direlako aurrez aurre jasotzen ari.
Zure iritziz, zure komunitate edo herrialdean, zein dira indarkeria matxista betiko desagerrarazteko egin beharreko 3 aldaketarik garrantzitsuenak? Egunen batean gertatuko ote dira?
- Lan gehiago izatea emakumeentzat.
- Soldatak bidezkoak izatea.
- Emakumeen aurkako indarkeriari buruzko informazio gehiago zabaltzea.
Aldaketok lorgarriak dira etorkizunean, baina, prozesu orok bezala, denbora behar dute, gauzak ezin direlako egun batetik bestera aldatu; hilabeteak, baita urteak ere, igaro beharko dira hori guztia erdiesteko.
Azken urteotan, zure komunitateko emakumeen egoerari dagokionez, zein izan dira 3 aldaketarik positiboenak?
- Emakumeek salaketa gehiago jartzen dituztela.
- Beren eskubideak ezagutzen dituztela eta ez direla beldur.
- Emakume gisa, beren burua babesten dakitela.
Haurreko artikulua
Elkarrizketa Yuri Natalia Ajcalón Xalix, genero eta herritarren parte-hartzearen dinamizatzailearekin.
Hurrengo artikulua
Elkarrizketa Carmen Alicia Cuj Chopen proiektuaren koordinatzailearekin