# 62

EKONOMIA ETA EMAKUMEAK SAHARAZ HEGOALDEKO AFRIKAN

ARGAZKI OROKORRA

EMAKUMEAK ETA EKONOMIA INFORMALA

RAMATA ADIGREREN ISTORIOA

MIKROKREDITUAK, AHO BIKO ARMA

LEHEN SEKTOREA EKONOMIA FORMALAREN NITXO GISA

OILASKO HAZKUNTZA ETA AHALDUNTZEA KEBEMEREN

Gaur egun, oraindik ere, maizegi jotzen da emakume afrikarrak bizitzako eremu guztietan eta, beraz, baita ekonomikoan ere, gizonarekiko duen ustezko menpekotasunaren mitora bere gaitz guztien jatorria azaltzeko. Baina irudi estereotipatu eta murriztaile horrek ez du berez azaltzen Saharaz hegoaldeko Afrikako emakumeek esparru ekonomikoan bizi duten egoera, non goranzko joera argia dagoen, bai langile eta ekintzaileen kopuruari dagokionez, bai betetzen dituzten enpleguen kalitateari dagokionez, hein batean kontinenteko mugimendu feministen gorakadagatik. Ezinbestekoa da Afrikako emakumeen Saharaz hegoaldeko egoera aztertzea eta ulertzea, baita emakumeek hainbat eremuetako eraldaketa ekonomikoetan duten eginkizuna ere, adibide eta kasu zehatzei erreparatuz.

Ramata Adigre nigeriarraren istorioa da zenbaki honetan erreskatatzen dugun kasu zehatz horietako bat, bere garaikide askorena izan zitekeen gainditze eta iraupen istorioa. Beste enpresa-ekimen askotan bezala, mikro-finantzaketa erabakigarria izan da Ramatak bere ile-apaindegia abian jarri ahal izateko, nahiz eta, tamalez, ez den beti horrela gertatzen. Mikro kreditu sistemarekin kritiko diren ahotsek garbi hitz egin dute bere arriskuaz ohartarazteko. Senegalgo Kebemer eskualdean, bestalde, dozenaka emakume hegazti-haragia hazten eta merkaturatzen hasi dira Nazioarteko Elkartasunak eta bertako bazkideak, FADEC - Nord-ek, emandako bultzadari esker, eta horrek haien bizi-kalitatean eta ahalduntze prozesuan inpaktu positiboa izaten ari du.

Maila makroekonomikoan, 2021eko urtarrilean Afrikako Merkataritza Kontinental Askearen Eremua abian jarri zen, eta honek, printzipioz, Afrikako barne merkatuak dinamizatzen eta estatu kideetako ekonomiak indartzen lagunduko du. Ikusi beharko da adituen artean egoera berriak sortutako baikortasuna, aldi berean, biztanleen eta, batez ere, emakumeen bizitzaren hobekuntzan gauzatzen den, hauek baitira ehun ekonomikoaren barruan ahulenak. Horietako gehien-gehienek, edo lehen sektorean lan egiten dute, gehienetan, baldintza kaskarretan ez bada, erabakiak hartzen diren esparruetatik urrun, edo modu irregularrean beren kontura egiten dute lan.

Argazkia: Tope Asokore.

Artikuluak buletin honetan...

  • 1
    ARGAZKI OROKORRA
  • 2
    EMAKUMEAK ETA EKONOMIA INFORMALA
  • 3
    RAMATA ADIGREREN ISTORIOA
  • 4
    MIKROKREDITUAK, AHO BIKO ARMA
  • 5
    LEHEN SEKTOREA EKONOMIA FORMALAREN NITXO GISA
  • 6
    OILASKO HAZKUNTZA ETA AHALDUNTZEA KEBEMEREN

Bizkarrean neurri itzeleko arma bat soinean duen arraza beltzeko gizon bat Afrikako marrazturiko mapan txertatua 2000. urtean The Economist ingeles aldizkari ospetsuaren azala izan zen. Berarekin zihoan lerroburua ezin adierazgarriagoa zen: " Itxaropenik gabeko kontinentea". Hala ere, hamaika urte geroago, hedabide horrek berak afrikar kontinenteari eskaini zion berriro ere bere ataria, baina, oraingoan, aurrekoaren guztiz kontrako mezua izan zuen. Irudia, haur bat kontinentearen formaduneko eta kolore anitzeko kometa batekin jolasean; idatzita,  bi hitz soil: "Africa Rising". Baina, nola igaro zen hamarkada pasatxo batean ekonomikoki etxegabetutako lurralde bat izatetik munduan hazkunde ekonomiko handienetakoa zuen eremu bat izatera? Horra hor, bestela, Kongoko kasua, aldi horretan bere BPG urtean batez beste 11 puntu baino gehiagora hazi zena, Txinarena gaindituz.

Nazioarteko Elkartasunak, Haaly Pular Vitoria eta Mboolo Elkar elkarteekin batera, 2020ko azaroan antolatu zuen Diarama Africa mintegien zikloaren barruan, Ainhoa Marínek, ekonomista eta Real Instituto Elcanoko kideak, hazkunde hori, neurri batean, garai horretan Nigeria bezalako herrialdeek esportatzen zituzten lehengaien errebalorizazioagatik izan zela adierazi zuen, erregai fosiletan (petrolioa, gas naturala, etab.) oso fokalizatuta zeudenak; baina, era berean, faktore honi soilik ezin zitzaiola hazkunde itzelaren errazioa egotzi azpimarratu zuen ere. "Etiopian, esate baterako, 2011-2015 aldian, batez beste 8.1 punturekin munduko Barne Produktu Gordinaren hirugarren hazkunderik handiena lortu zuen eta petrolio gordina esportatzen duten herrialdeen ereduarekin bat ez datorren herrialdea izanik, produkzioaren industrializazio- eta dibertsifikazio-maila azpimarragarri bat ikusten da", Marinen esanetan.

Afrikako kontinentea heterogeneoa bezain aberatsa da baliabideei dagokienez. Aurrekaririk ez duen eztanda demografiko bat bizi du, azaleratzeko aukera baten zain dirauen indar basati eta intelektual itzel baten jabedun bilakatzen duena. 2.100erako aurreikuspenen arabera, populazioa bikoiztu egingo da (1.300 milioi biztanle izatetik 2.500 izatera pasako da), eta 10 herrialde populatuenen artean bost izango ditu (gaur egun Nigeria baino ez da agertzen, zazpigarren lekuan, 206 milioirekin). Hala ere, paradoxikoki, giza baliabideetan zein materialetan aberatsa izanik, ekonomikoki ahula izaten jarraitzen du nazioarteko indizeei erreparatuz. Erregai fosilen, mineralen eta kakaoa bezalako nekazaritzako produktuen erreserba handiak dituen arren, sarritan aberastasun hori barne gerren eta nazioz gaindiko enpresen arpilatzeen arrazoia izan da.

AFRIKAKO MERKATARITZA KONTINENTAL ASKEAREN EREMUA

2018ko martxoan, Afrikak urrats erabakigarria eman zuen merkatu bakar bat sortzeko bidean, Kigalin, Afrikako Merkataritza Kontinental Askearen Eremua (AfCFTA ingelesez) sinatu baitzuten 55 herrialdeetatik 44k. 2021eko martxoan, Eritrea izan ezik, Afrikako gainerako estatu guztiek bat egin dute ekimenarekin; horietako 30ek ituna beren parlamentuetan berretsi duten bitartean, gainerako 24ek oraindik berrestear dute. Orain arte kontinenteko barne-merkatuak % 15a gainditzen ez bazuen ere (Europakoa% 67koa da), merkataritza eremu askea aurtengo urtarrilean indarrean sartzearekin batera, fase operatiboaren abiapuntua, alegia, "lurralde osoak azpiegiturak hobetzeko, izapide burokratikoak arintzeko eta barne-produktuak eta manufakturatutako produktuak erosteko aukera irekitzen da, eta horrek kontinente osoaren hazkundea bultzatuko du", ondorioztatu du Marinek. Orain, tresna horrek, datu makroekonomikoetatik haratago, familien ekonomia txikiak ere biziberritzen dituen ikustea besterik ez da geratzen.

Argazkia: Flickr

Saharaz hegoaldeko Afrikako enplegu informalari buruzko datu fidagarri gutxi daude, eta kopuruak ez dira zehatzak. Hala ere, enplegu informala, ezkutuko ekonomia ere deitua, bertan % 72ra iristen dela kalkulatzen da. Lanaren Nazioarteko Erakundearen (LANE) 2017ko datuen arabera, enplegu informalak eskualde horretako herrialdeetako BPGren %25 eta %65 arteko ekarpena egiten du, are gehiago  (%30 eta %90 artekoa) nekazaritza-jarduera, finkatuena eta, beraz, arautuena, eragiketatik baztertzen bada. Enplegu informala, beraz, ekonomiaren eta lan-merkatuaren zati handi bat da eta garrantzi handia du ekoizpenean, lan-merkatuan eta diru-sarreretan. Hala ere, informaltasunak zaurgarritasun eta prekarietate-arrisku handiagoan jartzen ditu langileak. Izan ere, informaltasunak eragin kaltegarri handia du diru-sarreren egokitzapenean, laneko segurtasun eta osasunean eta, oro har, lan-baldintzetan. Inpaktu hori, gainera, nabarmen handiagoa da emakumeen kasuan, nekazaritza-sektoretik kanpo oso gutxik baitute lan-merkatu erregularrean sartzeko aukera.

Sektore informaleko langile gehienek beharrak bultzatuta ekiten diote nork bere negozioa sortzeari, bai langabezian daudelako, bai diru-sarrera gehigarriak behar dituztelako. Familiari oso lotuta dagoen ekonomia bat da, baina akats bat litzateke odoleko loturetatik haratago erabilitako eskulanaren dimentsioa gutxiestea. Dakarren (Senegal) ebaluatutako 30.000 enpresa informaletako bakoitzak, adibidez, kanpoko langile bat du batez besteko.

Argazkia: Mikel Aristregi.

Enplegu informalak desabantaila ugari ditu, hala nola baldintza kaxkarreko lanak izatea, ez-emankorrak eta ordaindu gabekoak izatea, legeak aitortzen ez dituenak edo babesik eskaintzen ez dutenak, langilearen eskubideak zapaltzen dituztenak, gizarte-babes desegokia edota ordezkaritza gabekoak izatea, besteak beste. Desabantaila horiek, batez ere, emakumeek eratzen duten ekonomia informalaren beheko muturrean hazten dira. Hainbat adituk, enplegu formalerako bidetzat jotzen dute enplegu informala. Emakumeen ekonomiak langile prestatuak behar ditu, lan-merkatu berria integratzeko gai direnak, eta ezkutuko ekonomiak ahalbidetzen duen ahalduntzeak funtsezko esperientziak ematen ditu paradigma-aldaketan.

Kamerungo iparraldeko muturra Nigeriarekin muga egiten duen eskualde lehor bat da, baita herrialdeko zatirik pobreena ere. NBEren azken datuen arabera, Kamerunen dauden 104.000 errefuxiatu nigeriarretatik ia guztiak eskualde horretan daude Boko Haramek herrialdean eragindako indarkeriaren ondorioz. Talde armatu horrek 2014an Nigerian erasoak areagotu zituenean, gatazkak familia asko sakabanatu zituen mugaz bestaldera, milaka zibil eta soldadu erailez eta iparraldeko erkidegoetan presio ekonomiko jasanezina eraginez. Errefuxiatuen eta barneko desplazatuen erdiak emakumeak eta haurrak dira: familia osoak mantentzen dituzten amak, senarrak nola erail dizkieten ikusi duten emazteak, ezkontzera behartu dituzten neskatoak eta bortxatu dituzten ahizpak. Hala ere, hainbeste basakeriaren artean, badira lider erresiliente eta ekintzaile diren emakumeen adibideak, horrenbesteko iluntasunaren artean itsasargi direnak, NBE Emakumeak erakundeak dokumentatutako Ramata Adigreren istorioa bezalaxe.

Argazkia: NBE Emakumeak

Ramatak Nigeriatik ihes egin zuen 2015ean, Boko Haramek bizi zen auzoari eraso egin ostean. Modu traumatikoan galdu zuen bere familiaren zati bat - "Nire osabari nire aurrean burua nola mozten zioten ikusi nuen" -, eta, beraz, gertuko Kamerunen bilatu zuen babesa. Morako herri txikira heldu zen bizkarrean berunezko motxila bat zuelarik: erasoaren egunean desagertu zen eta tratu txarrak ematen zizkion senar batengandik ihesi, familia bat indarkeriaz desegindako egoera batetik, bi urteko haur bat eta beste bat bidean zituelarik, eta jarritakoa besterik ez soinean. Hutsetik hastea beti da zaila; baldintza horietan egitea, infernua. Ramata jatetxe txiki batean hasi zen lanean, egunean dolar bat baino gutxiago irabaziz, alokairua ordaintzeko ere ematen ez zuena. Egoera ezin larriagoa zen, harik eta Morako Emakumearen Zentroa aurkitu zuen arte, NBEk babestua, non, arreta psikologikoa jasotzeaz gain, Ramatak bere enpresa-abentura hasteko baliabideak lortu zituen. Oinarrizko prestakuntza baten ondoren, zentroak kakahuete olioa eta ogitartekoak saltzeko kit bat eman zion, eta horrekin ateratako etekinekin, kreditua itzultzeaz gain, ile-apaindegi bat muntatzeko behar adina aurrezteko aukera eman zion. "10 edo 12 urte nituenetik nire lagunei ilea txirikordatzen eta orrazten aritu naiz", dio Ramatak lanean ari den bitartean. "Oso harro nago denda honekin. Soilik 250 CFA irabazten nituenean fufu (Mendebaldeko Afrikan oinarrizko elikagai) eginez, ez nuen behar adina diru  xaboia erosteko, ezta semea elikatzeko ere. Baina orain negozio bat daukat eta dirua aurrezten ari naiz ".

Orain, Ramatak amets egin dezake: "Nire ametsa areto hau handitzea eta ile-apaintzaile hobea izatea da. Asko galdu dut nire bizitzan, baina nire seme-alabak eskolara joatea eta arrakasta izatea nahi dut. Emakumeei tratu txarrak ematea gaizki dagoela erakusten ari naiz ".

70eko hamarkadan Muhammad Yunnus bangladeshtarrak, "Pobreen bankaria" bezala ere ezaguna eta 2006an Bakearen Nobel Saria jaso zuenak, mikrokreditu sozialen sistema garatu zuenetik, mundu osoan baliabide urriak dituzten milioika pertsona, batez ere bide arruntetatik kreditua eskuratzea ukatu zaien emakumeak, modu duin batean bizitzeko negozio txikiak abian jarri ahal izan dituzte interes txikiko maileguei esker. Izan ere, urteetan zehar, kreditu-sistema horrek oso ospe ona izan du, eta herrialde zigortuenetan pobrezia murrizteko modu bideragarritzat eta jasangarritzat ere jo izan da.

Mikrokreditu-sistema, kasu askotan, GKEek bultzatzen dute;hala denean, gehienbat, sortu zeneko espiritua errespetatzen da, eta, horri esker, pertsona-talde handiek hobekuntza nabarmenak izaten dituzte beren bizi-kalitatean. Hala ere, nazio-gobernuek eta nazioarteko erakundeek ere sustatzen dute, Nazioarteko Diru Funtsaren (NDF) eta Munduko Bankuaren gisako finantza-erakunde handien babespean, non, kasu askotan, baldintzak ez diren bidezkoak. Emakume-elkarte askok kritikatu egiten dute sistema hori, iruzur egin, zorpetu eta beraien bizitzak hondatzen dietelako; izan ere, ordaindu behar dituzten interesak handiagoak dira lortzen dituzten onurak baino, eta, beraz, mailegua itzultzeko zorpetu egin behar dira, oso zaila den zirkulu zoro batean eroriz. Sistema horren biktima diren emakumeek etengabeko mehatxuak jasaten dituzte – Irratiz zabaltzen da berankorren izena –, baita espetxe-zigorrak pairatu ere, Maliren kasu; hala nola, familia galdu dute edota prostituziora jo, Marokon bezala; edota zorpetu egin dira zesarea bat ezin ordaintzeagatik ez hiltzeko, Kongoren kasu.

Argazkia: Mikel Aristregi.

Bidegabekeria-egoera horien aurrean, nabarmentzekoa da "Tontina"ren praktika berreskuratu egin dela; bizitzaren zailtasunen aurrean komunitate bateko kideei laguntzeko bokazioa duen antzinako tokian tokiko asoziazionismo mota bat da edo, bertsio eguneratuago batean, familia, adiskidetasun, auzotasun edota gizarte- eta lanbide-arloetako loturen bidez elkartutako pertsonen arteko mikro-aurrezpen sistema kolektibo moduko bat. Aldez aurretik finkatutako maiztasun eta kopurua finkatuz, askotan euro bat baino txikiagoa den kopuru izanik, elkarren arteko konfiantzan oinarrituta, funts komun batean inbertitzen dute bizitzaren gorabeherei aurre egin ahal izateko.

Nina Beina afrikaerditarrak, alarguna eta 11 seme-alabaren ama, tontinaren sistemari esker, bere seme-alaben etorkizuneko etxeak eraikitzeko lurrak erosi ahal izan ditu. Errenta eta Aberastasuna Ikertzeko Nazioarteko Elkartearen (IARIW, ingelesez) 2014ko ikerketa baten arabera, etxe pobreetan bizi diren pertsonek dirua aurreztu nahi dute, eta aurrezki-taldeek eragin positiboa dute etxeko merkataritza-emaitzetan eta emakumeen ahalduntzean. Aurrezki-taldeak ere bereziki eraginkorrak dira, kanpoko kapitalaren beharrik ez dutelako eta kideentzat sartzeko oztopo txikiagoak dituztelako. Orain, denona den funtsari mailegua itzultzen amaitzen duenean, Beinak bere labore-ekoizpena zabaltzeko erabili nahi du hurrengo mailegua.

Nekazaritza Saharaz hegoaldeko Afrikako ekonomia formalaren oinarria da. FAOren 2017ko datuen arabera, nekazaritzak lan-indar osoaren erdia baino gehiago enplegatzen du, eta, landa-biztanleriaren barruan, ekoizle txiki ugariren ogibidea da. Ekoizle txiki horiek nekazaritza-ustiategien % 80 osatzen dute eta 175 milioi pertsona enplegatzen dituzte; horietatik erdiak baino gehiago emakumeak dira (AGRA, 2014). Zalantzarik gabe, sektorerik erregularizatuena da eta Afrikako estatu gehienek horren aldeko apustua egin dute pobrezia desagerrarazteko, prekarietaterik gabeko sektorea denik esan nahi ez duenak, ezta gutxiagorik ere. "Familia-nekazaritza" bezala ezagutzen den horretaz ari gara; familia batek kudeatzen eta gidatzen dituen, baina batez ere familia-lanean oinarritzen diren nekazaritza, basogintza, arrantza, abeltzaintza edo akuikulturako ustiategiak sartzen dira familia arteko ekonomia-eremu honetan. Munduko Bankuaren arabera, familia-nekazaritza izango da enplegu formalaren eta informalaren iturri nagusia datozen hamarkadetan; izan ere, horietan emakumeen parte-hartzea oso esanguratsua da. Emakumeek nekazaritzan duten parte-hartzearen gorakada gobernu batzuk hartzen ari diren ekimenekin lotuta dago.

Etiopian, tokian tokiko gobernuei tituluen esleipena transferitzen hasi zaie ziurtagirien bidez, hainbat emakume lurra eskatzera eta edukitzera bultzatu dituena. Namibian, lurraren gaineko tituluak onartzeko aginpidea duten organoek lursailak jabetzan izan nahi dituzten emakumeak bilatzeko ekimena hartu dute, eskaera-prozesuan lagunduz eta beren eskaerak diskriminaziorik gabe prozesatzen direla ziurtatuz. Mboulan, Senegalgo eskualde batean, hiru emakume-talderi zortzi hektarea lur esleitu zaizkie elikagaiak ekoizteko. Astean behin txandaka lan egiten duten taldeetan antolatu dira eta ekoizten duten guztia partekatzen dute. Haien etxeetan elikadura ziurtatuta dago, emakumeek denbora gutxiago ematen dute lursailean lanean eta, dagoeneko, tokian tokiko zuhaitz batetik olioa ekoiztea bideragarria den ikertzen ari dira beraien diru-sarrerak hobetzeko. Eredua Mendebaldeko Afrikako tokian tokiko gobernu desberdinek hartu dute.

Emakumeen bizi-baldintzak hobetzeko ahalegin horiek guztiak egin arren, argazki orokorra gutxi aldatu da, eta ez da aurreikusten epe laburrean egingo duenik: Burkina Faso edo Gambia bezalako herrialdeetan, nekazaritza-ekoizleen %10 baino gutxiago dira emakumeak. Nigerren eta Nigerian, gizonak lurraren %62aren eta %87aren jabe dira, hurrenez hurren, esate baterako.

Argazkia: MIkel Aristregi.

Senegalgo ipar-mendebaldeko Kebemer departamenduko emakumeek, Afrikako kontinentearen zati handi batean bezala, gizonek baino zailago dute aurrera egiteko. Lurralde erdibasamortua izan arren eta bertako biztanleek, Nazioarteko Elkartasunaren laguntzarekin, dunen aurrerapenaren aurka aktiboki borrokatzen duten arren, populazioaren %89a nagusiki lurrak ematen dien apurretik eta, neurri txikiagoan, abeltzaintzatik bizi da. Baliabide natural eta teknologiko egokirik gabe, familiak biziraupen-ekonomia batera kondenatuta daude, eta ekonomia horren pean ia ezinezkoa da aurrera egitea, are gehiago, emakumea bazara. Kontrako testuinguru horretan, paradoxa bat gertatzen da: emakumeek egunean 13 ordu lan egiten dituzte urteko 365 egunetan, dela etxeko lanak egiten, dela nekazaritzako lanak egiten, dela enpresako lanak egiten sektore informalean; gizonek, aldiz, egunean 5 ordu lan egiten dituzte soilik euriteen garaian eta ondorengo bilketa-garaian, eta oraindik ere emakumeak senarren mende daude bizitzako esparru guztietan. Ekoizpen-bitartekoen kontrola, hala nola lurraren jabetza, ekoizpen-materiala eta baliabide ekonomikoak, gizonari dagozkio, eta horrek botere ekonomiko eta soziala ematen dio, emakumea prozesu produktibo, ekonomiko eta sozialen erabakiak hartzeko eremuetatik kanpo utziz.

Argazkia: Nazioarteko Elkartasuna.

Hala ere, bai Afrikako mugimendu feministen hedapen-uhinari esker, kontinenteko lekurik urrunenetara ere iristen ari dena, bai emakumeek gidatutako proiektu ekonomiko alternatiboei esker, antolamendu-sistema tradizional patriarkalaren eredua eraldatua izaten ari da zein, bestalde, gero eta jasangarritasun txikiagoa duen gizonentzat eurentzat ere. Interes Ekonomikoko Taldeetan (IET) edo Emakumeen Sustapeneko Taldeetan (EST) eratuta, bien helburua beren jarduera ekonomikoak sustatzea da, dela bordatuak eginez, dela saltoki txikiei arreta emanez, dela kakahuete-orea edo arrainetik eratorritako produktuak eginez, ohikoenen artean, gehienbat sektore informalaren barruan.

Nazioarteko Elkartasunak eta bertako FADEC – Nord tokiko bazkideak Kebemer departamentuan oilasko haragia hazteko eta merkaturatzeko sustatutako proiektuak landa-eremuetako emakumeen ahalduntze ekonomikoa lortu nahi du, eta, aldi berean, antolaketa-sistema berri horiek, berdintasunari eta emakumeen giza eskubideekiko errespetuari erreparatzen diotenak, sustatu. Horrela, sei oilasko-etxalde komunitario baino gehiago eraiki eta martxan jarri dira, guztiak 7 emakumek zuzenduta. Soberakin ekonomikoa sortzea eta familien elikadura hobetzea dira proiektuaren bi helburuak.

Argazkia: Nazioarteko Elkartasuna.

Buletina konpartitu

URL hau erabili dezakezu kopiatzeko...

https://mep.solidaridadsi.org/eus/economia-y-mujeres-en-el-africa-subsahariana

URL hau erabili dezakezu kopiatzeko...

Gracias por tu interés

Pronto recibirás el siguiente número de MEP en tu email.


Hay un error

Comprueba tu dirección de email y vuelve a intentarlo.