Gaur egun, oraindik ere, maizegi jotzen da emakume afrikarrak bizitzako eremu guztietan eta, beraz, baita ekonomikoan ere, gizonarekiko duen ustezko menpekotasunaren mitora bere gaitz guztien jatorria azaltzeko. Baina irudi estereotipatu eta murriztaile horrek ez du berez azaltzen Saharaz hegoaldeko Afrikako emakumeek esparru ekonomikoan bizi duten egoera, non goranzko joera argia dagoen, bai langile eta ekintzaileen kopuruari dagokionez, bai betetzen dituzten enpleguen kalitateari dagokionez, hein batean kontinenteko mugimendu feministen gorakadagatik. Ezinbestekoa da Afrikako emakumeen Saharaz hegoaldeko egoera aztertzea eta ulertzea, baita emakumeek hainbat eremuetako eraldaketa ekonomikoetan duten eginkizuna ere, adibide eta kasu zehatzei erreparatuz.
Ramata Adigre nigeriarraren istorioa da zenbaki honetan erreskatatzen dugun kasu zehatz horietako bat, bere garaikide askorena izan zitekeen gainditze eta iraupen istorioa. Beste enpresa-ekimen askotan bezala, mikro-finantzaketa erabakigarria izan da Ramatak bere ile-apaindegia abian jarri ahal izateko, nahiz eta, tamalez, ez den beti horrela gertatzen. Mikro kreditu sistemarekin kritiko diren ahotsek garbi hitz egin dute bere arriskuaz ohartarazteko. Senegalgo Kebemer eskualdean, bestalde, dozenaka emakume hegazti-haragia hazten eta merkaturatzen hasi dira Nazioarteko Elkartasunak eta bertako bazkideak, FADEC - Nord-ek, emandako bultzadari esker, eta horrek haien bizi-kalitatean eta ahalduntze prozesuan inpaktu positiboa izaten ari du.
Maila makroekonomikoan, 2021eko urtarrilean Afrikako Merkataritza Kontinental Askearen Eremua abian jarri zen, eta honek, printzipioz, Afrikako barne merkatuak dinamizatzen eta estatu kideetako ekonomiak indartzen lagunduko du. Ikusi beharko da adituen artean egoera berriak sortutako baikortasuna, aldi berean, biztanleen eta, batez ere, emakumeen bizitzaren hobekuntzan gauzatzen den, hauek baitira ehun ekonomikoaren barruan ahulenak. Horietako gehien-gehienek, edo lehen sektorean lan egiten dute, gehienetan, baldintza kaskarretan ez bada, erabakiak hartzen diren esparruetatik urrun, edo modu irregularrean beren kontura egiten dute lan.
Argazkia: Tope Asokore.