Txotxongilo bat sortzea ez da eginkizun erraza, irudimen handia behar da. Hori dela eta, istorioak kontatzera, gure istorioak idaztera edo marraztera jolastea erabaki genuen, eta horrela hasi zen dena.
Ioritz, espazioan zehar
"Lot planetarteko gerlaria da, bere jantzi espaziala soinean hara eta hona ibiltzen da espazioan zehar: satelite bat pasatzen ikusi eta bidaiatzen jarraitzen du; hegazkin espazial batekin topo egin, bidaiatzen jarraitu eta beste satelite bat ikusten du. Halako batean, bere etsai Electric tanke robotarekin topo egin, eta borrokan hasiko dira. Lurrean, lore bat haiei begira dago".
Markelek, jolasean, alaitasunaren zuhaitza ezagutu zuen
"Behin batean, izenik gabeko neskato batek hitz egin zezakeen zuhaitz batekin topo egin zuen. Arbolak honela esan zion: "Ez egin negarrik, bestela hostoak eroriko zaizkit eta jendeak pozik egoteari utziko dio", eta neskatilak ez zuen negarrik egin. Bai, ordea, beste egun batean, Orduan, zuhaitzari hosto guztiak erori zitzaizkion eta jendeak pozik egoteari utzi zion, baita neskatoak ere".
Niamak, bere irribarre zabalarekin, Gulanen istorioa kontatu zigun
"Gulan argala eta altua da, hamaika urte ditu eta jendeari laguntzea gustatzen zaio. Hirira joatea atsegin du, beti ateratzen da kalera nola dagoen ikustera. Bada, hala egin zuen egun batean, hilda zirudien gizon bat aurkitu zuen; bizkarrean hartu, ospitalera eraman, eta gizona ondo sentitu zen".
Naroak, bederatzi urtekoak, Silarren istorioa kontatu zigun
"Silar izeneko hegaztia ehiztari asko dagoen leku batean bizi da, txakurrak, katuak eta beste animalia ugari dauden toki batean. Behin, arrautzak errun eta haiengandik urrun eraman zituen, baserri batera. Bertan bizi zen txakur eme batek, Laika izenekoak, adoptatu egin zituen. Bi urte geroago, txoritxoak Laikaren bizkar gainean paseatzen ziren; bost urte geroago, txoritxoak hazita zeuden eta kumeak izan zituzten, eta Laikak ere bai. Txoriak jada helduak zirenez eta kumeak zituztenez, trukatu egin zituzten: txoriek txakurkume bat hezi zuten, eta Laikak txoritxo jaioberri bat".
Uxuek eta Jonek, sei urtekoak eurak, Mikal zaldunaren istorioa kontatzeko bat egin zuten
"Mikal zalduna bere gazteluan zegoela, egun eguzkitsu batean, etsaia etorri zitzaion, Electric dragoia, hain zuzen ere, gaztelua suntsitzera. Hortaz, haren aurka borrokatu, irabazi, eta dragoiak alde egin behar izan zuen".
Kamarak, bost urtekoak eta, haren amaren esanetan, bizitzak eginiko oparia diren bost ahizpetatik gazteenak, "Maxi izeneko gizonaren istorioa" kontatu zigun: "Jatea eta pertsonekin mintzatzea atsegin du, eta lore bat du lagun".
Karenek, bost urtekoak, "nire etxea oso koloretsua delako" bisitan joaten zaion tximeleta urdinaren istorioa kontatu zigun.
Ekainek, bost urtekoak, ardi baten eta ostadar baten istorioa kontatu zigun: "Ardi bat larrean zehar paseatzen zebilela, bat-batean euria hasi eta erabat busti zen. Gero, ostadar bat agertu, ardia bertan babestu eta lehortu egin zen".
Peiok, sei urtekoak, istorio hau kontatu zigun: "Egun euritsu batean, hodeiak beren euri-tantak etxe gainera isurtzen ari ziren; eguzkia ateratzen saiatzen ari zen, behin eta berriro, baina hodei egoskorrek ez zuten hura irteterik nahi. Azkenean, eguzkia handia denez, ateratzea lortu zuen eta hodeiek ospa egin behar izan zuten".
Eta hala bazan ala ez bazan, hemen gaude istorio honen hasieran
Eskerrak eman nahi dizkiegu Amurrioko Udalari; esperientzia honetan laguntza eta babesa eman zizkiguten langile guztiei; Arabako Foru Aldundiari, haurren iruditeriara hurbiltzen uzteagatik; Nazioarteko Elkartasuna erakundeari, istorio honen lotune eta motor izan denari; eta, bereziki, haurrei, gurasoei eta prozesu osoan babestu gintuzten eta lagundu ziguten pertsona guztiei.
Mila-mila esker.
Gu, betiko berak.
Haurreko artikulua
Egindako lanaren erakusgarri txikia