#66

Txotxongiloak Berdintasunerako Amurrio

Artikuluak buletin honetan...

  • 1
    Txotxongiloak Berdintasunerako, zer da?
  • 2
    Egunak hegan joango balira bezala
  • 3
    Margo eta kartoi artean, sormena abiatzeko prest
  • 4
    Egindako lanaren erakusgarri txikia
  • 5
    Haurren istorioak

Txotxongiloak Berdintasunerako, zer da?

01

"Txotxongiloak ere genero-berdintasunaz mintzatzen dira" txotxongilo-tailerraren helburua da parte-hartzaileek genero-berdintasunaz hitz egin eta hausnartu ahal izatea, gogoeta-prozesu sortzaile baten bidez; aldi berean, prozesuan, txotxongilo bat sortzen, maneiatzen eta erabiltzen ikasten dute. 

Proposamena garatzeko metodologia esperientzia horizontala izan dadin antolatuta dago, bizipenezko esperientzia aktibo eta parte-hartzailea izan dadin. Hala, parte-hartzaileek sortzeko, aztertzeko eta beren intereseko edo interes kolektiboko gaiez hausnartzeko topagune gisa baliatuko dute tailer-eremua, non bereganaturiko ezagutzak finkatu, autoestimua sendotu, eta txotxongiloak eraikitzeko, maneiatzeko eta erabiltzeko tresna teknikoak nahiz trebetasunak eskuratuko dituzten.

Lau lan-etapak.

1. Sarrera: tailerraren helburuen eta erabiliko den metodologiaren aurkezpena.

2. Mahaiko lana:

a- gaien azterketa eta bai testuen bai pertsonaien sorkuntza.

b- txotxongiloen sorkuntza.

c- txotxongiloen erabilera eta maneiua.

d- txotxongilo-obren muntaia.

3.  Sormen-prozesuaren erakusketa

a- parte-hartzaileek egindako lanaren erakusketa (prozesuan sorturiko txotxongiloen erakusketa).

b- parte-hartzaileek prozesuan sorturiko txotxongilo-obren aurkezpena.

4. Bizi izandako prozesuaren gogorapena

a- jardueraren argazki bidezko narrazio-laburpenaren eraketa.

b- bizi izandako prozesuaren emaitzen gogorapena.

Zer egiten dute txotxongiloek?

Tailerraren helburua da haurrak genero-berdintasunaren garrantziaz jabearaztea, gaiaren gainean sentsibilizatzea. Horretarako, txotxongiloak modu ludiko eta sortzailean baliatzen ditugu, hausnarketarako eta sozializaziorako eragile gisa. Txotxongiloek, beraz, eragile ludikoak diren aldetik, gaiak modu atsegin eta dibertigarrian jorratzea ahalbidetzen digute, eta, estrategia horri esker, helduek zein haurrek jolastuz eta borondatez parte har dezakete proposamenean.

Egunak hegan joango balira bezala

02

Lehen eguna: txotxongiloak eta genero-berdintasuna. Irailaren 7a, 17:00ak, Amurrioko San Anton plaza. Bihotzaren taupadak ohi baino azkarragoak dira, txotxongilo-tailer bat beti da irudimena askatzera gonbidatzen duen sormenezko gertakizuna.

Parte-hartzaileak; Ivan, testu honen idazlea, Irene, Markel, Naroa, Uxue, Ioritz, Niama, Jon, Kamara, Dannia, Karen, Ekain eta Peio.

Irudimenaz jolastuz eta txotxongiloak erabiliz, genero-berdintasunaren gainean hausnartzen hasi ginen, geure buruari hauxe galdetuz: "Zerk egiten gaitu berdin eta zerk desberdin?". Arazo handirik gabe botatako erantzunak forma-aldetik izan ziren ezberdinak, ez eduki-aldetik: batzuen ustez, "aurpegian ilea izateak" egiten gaitu desberdin; beste batzuen aburuz, "zapatek"; zenbaitek esan zuten "hezur misteriotsu bat" dela arrazoia, "txikia eta gainerakoen bestelakoa". Halere, honetan denok egon ginen ados: "Neskatoak eta mutikoak, denok gara berdinak".

Gogoeta hori oinarrian, jolasteari ekin genion, ikasiz jolasteari, hain zuzen ere; idazten eta marrazten hasi ginen, gure irudimena paper zurian islatzen. Emaitza pertsonaien eta istorioen sorkuntza izan zen, eta txotxongiloetan gauzatzen hasi ziren.

Margo eta kartoi artean, sormena abiatzeko prest

03

Hitz egin, barre egin, jolastu... ekintza horiek ikaskuntza, sormena eta hausnarketa bultzatzen dituzte, beti ez baita erraza izaten gauza zailez edo zailak diruditenez mintzatzea. Gairen bati buruz hausnartzen hasteko gune komunak sortzeko lanari ikuspegi oso heldutik heltzen zaio ia beti; alabaina, benetan, badirudi neska-mutilentzat gogoetarako gune horiek egunerokoak eta naturalak direla. Izan ere, errespetuz hitz egiteko, entzuteko eta iritzia emateko ez dago ez adin ez sexu jakinik. 

Alegiazkotik benetakora

Ipuin bat, pertsonaia bat, paperean islatutako ideia bat... parte-hartzaileek gogotsu, aktiboki eta sormenez dihardute lanean; pausoz pauso, formaz, nortasunez eta ezaugarriz hornitzen dituzte beren pertsonaiak eta istorioak; materialen metamorfosiak istorioak gorpuzten ditu, eta, horrekin batera, haurren iruditeria eraldatu egiten da, autoestimua finkatzen, sormena sendotzen, eta norberaren eta taldearen konfiantza garatzen laguntzen duen errealitate txikia bihurtzen da.

Egindako lanaren erakusgarri txikia

04

Hirugarren eguna: haurrak pertsona serioak dira. Gehienetan, xehetasunez eta zehatz-mehatz gogoratzen dituzte marraztu edo idatzi dituzten istorioak, baina bizi izan duten prozesua zehaztasun berarekin oroitzen dute. "Nork lagun diezaioke Kamarari bere txotxongiloarekin?" galdetuta, beti entzuten da "Nik" dioen ahots presati bat baino gehiago, eta eskuak elkartasunez eta zuzentasunez biderkatzen dira, bakarrik ala lagunduta ez delako gauza bera.

Naroak "Silar txoriaren istorioa" eta bere arrautzak babesteko abenturak kontatu zizkigunean, bihotza ezinbestean estutu behar izan genuen; Silarrek Laika izeneko laguna ezagutu zuenean, irribarre egin ahal izango genuela jakin genuen, mundua topaketaz eta aurkikuntzaz, ikaskuntzaz eta irakaskuntzaz eraikitzen baita. Denok ahal dugulako, enpatiak ez duelako bereizketarik egiten.

Haurren istorioak

05

Txotxongilo bat sortzea ez da eginkizun erraza, irudimen handia behar da. Hori dela eta, istorioak kontatzera, gure istorioak idaztera edo marraztera jolastea erabaki genuen, eta horrela hasi zen dena.

Ioritz, espazioan zehar

"Lot planetarteko gerlaria da, bere jantzi espaziala soinean hara eta hona ibiltzen da espazioan zehar: satelite bat pasatzen ikusi eta bidaiatzen jarraitzen du; hegazkin espazial batekin topo egin, bidaiatzen jarraitu eta beste satelite bat ikusten du. Halako batean, bere etsai Electric tanke robotarekin topo egin, eta borrokan hasiko dira. Lurrean, lore bat  haiei begira dago".

Markelek, jolasean, alaitasunaren zuhaitza ezagutu zuen

"Behin batean, izenik gabeko neskato batek hitz egin zezakeen zuhaitz batekin topo egin zuen. Arbolak honela esan zion: "Ez egin negarrik, bestela hostoak eroriko zaizkit eta jendeak pozik egoteari utziko dio", eta neskatilak ez zuen negarrik egin. Bai, ordea, beste egun batean, Orduan, zuhaitzari hosto guztiak erori zitzaizkion eta jendeak pozik egoteari utzi zion, baita neskatoak ere".

Niamak, bere irribarre zabalarekin, Gulanen istorioa kontatu zigun
"Gulan argala eta altua da, hamaika urte ditu eta jendeari laguntzea gustatzen zaio. Hirira joatea atsegin du, beti ateratzen da kalera nola dagoen ikustera. Bada, hala egin zuen egun batean, hilda zirudien gizon bat aurkitu zuen; bizkarrean hartu, ospitalera eraman, eta gizona ondo sentitu zen". 

Naroak, bederatzi urtekoak, Silarren istorioa kontatu zigun
"Silar izeneko hegaztia ehiztari asko dagoen leku batean bizi da, txakurrak, katuak eta beste animalia ugari dauden toki batean. Behin, arrautzak errun eta haiengandik urrun eraman zituen, baserri batera. Bertan bizi zen txakur eme batek, Laika izenekoak, adoptatu egin zituen. Bi urte geroago, txoritxoak Laikaren bizkar gainean paseatzen ziren; bost urte geroago, txoritxoak hazita zeuden eta kumeak izan zituzten, eta Laikak ere bai. Txoriak jada helduak zirenez eta kumeak zituztenez, trukatu egin zituzten: txoriek txakurkume bat hezi zuten, eta Laikak txoritxo jaioberri bat".

Uxuek eta Jonek, sei urtekoak eurak, Mikal zaldunaren istorioa kontatzeko bat egin zuten
"Mikal zalduna bere gazteluan zegoela, egun eguzkitsu batean, etsaia etorri zitzaion, Electric dragoia, hain zuzen ere, gaztelua suntsitzera. Hortaz, haren aurka borrokatu, irabazi, eta dragoiak alde egin behar izan zuen".

Kamarak, bost urtekoak eta, haren amaren esanetan, bizitzak eginiko oparia diren bost ahizpetatik gazteenak, "Maxi izeneko gizonaren istorioa" kontatu zigun: "Jatea eta pertsonekin mintzatzea atsegin du, eta lore bat du lagun"

Karenek, bost urtekoak, "nire etxea oso koloretsua delako" bisitan joaten zaion tximeleta urdinaren istorioa kontatu zigun.

Ekainek, bost urtekoak, ardi baten eta ostadar baten istorioa kontatu zigun: "Ardi bat larrean zehar paseatzen zebilela, bat-batean euria hasi eta erabat busti zen. Gero, ostadar bat agertu, ardia bertan babestu eta lehortu egin zen".

Peiok, sei urtekoak, istorio hau kontatu zigun: "Egun euritsu batean, hodeiak beren euri-tantak etxe gainera isurtzen ari ziren; eguzkia ateratzen saiatzen ari zen, behin eta berriro, baina hodei egoskorrek ez zuten hura irteterik nahi. Azkenean, eguzkia handia denez, ateratzea lortu zuen eta hodeiek ospa egin behar izan zuten".

Eta hala bazan ala ez bazan, hemen gaude istorio honen hasieran

Eskerrak eman nahi dizkiegu Amurrioko Udalari; esperientzia honetan laguntza eta babesa eman zizkiguten langile guztiei; Arabako Foru Aldundiari, haurren iruditeriara hurbiltzen uzteagatik; Nazioarteko Elkartasuna erakundeari, istorio honen lotune eta motor izan denari; eta, bereziki, haurrei, gurasoei eta prozesu osoan babestu gintuzten eta lagundu ziguten pertsona guztiei. 

Mila-mila esker.

Gu, betiko berak.