Norberaren sexualitateari eta gorputzari buruz askatasunez erabaki ahal izatea giza eskubide besterenezina da, pertsona guztiek daukatena. LGTBI kolektiboek diskriminazioz betetako munduari aurre egin behar diote, “heteroarau” delakoaren estandarrekin bat ez egite hutsagatik.
Ikasketa feministetatik heteroaraua zalantzan jarria eta kritikatua izan da zabalki, harreman afektibo-sexual bakarra legitimatzen duelako (gizon baten eta emakume baten artekoa), eta baita familia eredu bakarra ere (familia tradizionala); horrela, giza sexualitatea bizitzeko esperientzia eta forma asko baztertzen ditu.
Joera feminista askotatik behin eta berriz errepikatu izan da heteroaraua sistema patriarkalaren aliatu handia dela. Izan ere, emakume eta gizonen arteko mendekotasun harremana mantentzen laguntzen du, eta horrek azalduko lituzke, neurri batean, LGTBI kolektiboen baitan ezartzen diren genero identitateek eta harremanek zilegitasun bera dutela hausnartzean sortzen diren erresistentziak.
Kolektibo horien egoera bereziki zaila da Saharaz hegoaldeko Afrikan. Amnesty International-ek, munduko giza eskubideei buruzko 2016ko txostenean, azpimarratzen du Afrikan, oraindik ere, ez zaiola heldu LGTBI pertsonen diskriminazioa eta giza eskubideen urraketak lantzeari. Kolektibo hori diskriminatua izan da eta abusuak pairatu ditu Botswanan, Kamerunen, Kenyan, Nigerian, Senegalen, Tanzanian, Togon eta Ugandan. Hain zuzen ere, kontinenteko 54 herrialdetatik 38tan, oraindik ere, homosexualitatea zigortzen dute. Horretarako zenbait tresna erabiltzen dituzte, hala nola osasun arretarako sarbidea ukatzea, atxiloketak, torturak, erailketak eta bortxaketak, jarrera horiek zigortzeko eta zuzentzeko.
Baina, zer ezkutatzen da aniztasun sexuala ukatzearen atzean? Galdera horri erantzuteko, hainbat faktore aztertu ditzakegu:
• Aurreiritzi erlijiosoak: LGTBI kolektiboen eskubideen aldeko babesean dagoen oztopo handienetakoa erlijioa izan daiteke; izan ere, homosexualen interesak erasotzen dituzten aurreiritziak zabaltzen laguntzen du. Homosexualitatea gaixotasunarekin lotzen da, batez ere kristautasuna eta islama oso errotuta dauden testuinguruetan, aniztasun sexualaren aurkako erlijioak izanik.
• Aurreiritzi soziokulturalak: mendebaldeko gizarte askotan gertatzen den bezala, beste oztopo bat heteroaraua izan daiteke. Esaten genuen moduan, eredu horrentzako, onartu daitezkeen eta balioa duten harreman bakarrak gizon eta emakumeen arteko harreman sexu-afektiboak dira; horrela, modu kategorikoan baztertzen ditu estandar horiekin bat egiten ez duten harremanak, demonizatu eta deshumanizatu egiten ditu, eta □antinatural□ gisa hartzen ditu. Halaber, ezin dugu ahaztu, tradizionalki, harreman sexualen helburua ugaltzea dela. Hortaz, homosexualitateak ugalketa sozialaren kontra egiten du, eta ondorioz, gizarte afrikarren biziraupenarentzako arriskutzat hartzen da.
• Kolonialismoa eta konpromiso politikoaren falta: iruditeria kolektiboaren baitan, eta batez ere, politikaren arlotik, kolonialismoaren herentzia gisa hartzen da homosexualitatea. Horrek bat egiten du “atzerriko gaixotasuna” delako ideiarekin (Nyeck, 2013), eta beraz, kultura afrikarrarekin loturarik ez duen ideiarekin. Horrek azalduko luke, neurri batean, zergatik ez dagoen konpromiso politikorik kolektibo horien eskubideak defendatzeko neurriak eta tresnak sortzeko orduan.
Egoera horren aurrean, hainbat kolektibo afrikar antolatu egin dira, komunitateen eta gobernuen aurrean beren eskubideak aldarrikatzeko. Hona hemen ekimen horietako batzuk:
Lambda Mozambikeko antolakunde bat da. Lan egiten du gobernuak legalki aitortu dezan, orientazio sexuala gorabehera, pertsonen arteko berdintasunaren alde borrokatzen duen entitate gisa. 7 urteko borrokaren ostean, Estatuak aitortu egin zuen. Webgunea: http://www.lambdamoz.org/
Rainbow Sudan. Laguntza eskaintzen die LGTBI kolektiboei; informazioa eskaintzen du herrialdeko lege diskriminatzaileei buruz, eta sentsibilizazio jarduerak egiten ditu homosexualitateari buruzko estereotipoak ezabatzeko.
Gays and Lesbians of Zimbabwe. Giza eskubide unibertsalen kartan oinarritzen den antolakundea da, herrialdean berdintasunaren aldeko borroka sustatzeko.
Eudy Simelane, Hegoafrikako futbol jokalaria izan zen, lesbiana zela argi eta garbi adierazi zuena. LGTBI pertsonen eskubideen alde egin zuen borroka. 2009an eraila izan zen, bortxaketa zuzentzaile baten biktima izan ondoren.
Funeka Soldaat, Free Gender elkarteko aktibista hegoafrikarra da. Entitate honen jardun-eremuen artean, besteak beste, gobernuari zuzendutako intzidentzia lana dago, zigor-bortxaketak gorroto-delitu gisa aitortu ditzaten. Elkarteari buruzko informazio gehiago eskuratzeko, hona webgunea: https://freegender.wordpress.com/about/
Rotimi Fani-Kayode eta Zanele Muholi: LGTBI eskubideen alde borrokatu ziren artistak dira, artearen bidez kolektibo horiei ikusgarritasuna emanez; zehazki, argazkilaritzaren bidez.
Haurreko artikulua
GIB / HIESaren FEMINIZAZIOA