Natura-baliabideak aintzat hartuta (basoak, itsasoak, zoruak, lurrak, ibaiak, mineralak), Nikaraguako Ipar Karibe Kosta Eskualde Autonomoa (RACCN, gaztelaniazko siglak) oso lurralde aberatsa da. Alabaina, natura-hondamendi ugari (urakanak) jasaten ditu, eta herritar asko pobrezia larrian bizi dira. Landa-ingurunea da, eta biztanleek ez dute oinarrizko zenbait zerbitzu, ura eta argia, esaterako. Horrez gain, hara iristeko bideak eta errepideak oso egoera txarrean daude.
Aipatu bezala, bertako natura-baliabideak oparoak dira; haatik, ez dira behar bezala baliatzen herritarren pobrezia-maila modu eraginkorrean murrizteko, ez eta biztanleen bizi-kalitatearen hobekuntza bermatzeko ere. Baliabideen erabileraren eta ustiapenaren banaketa desorekatua da, eta horrek, gehienbat, andrazkoei eragiten die; izan ere, ez dituzte gizonezkoek bezain eskuragarri. Hori gutxi balitz bezala, zenbait faktorek larriagoa bihurtzen dute egoera: nekazaritza-mugak aurrera egiteak, kalitatezko enplegurik ezak eta emakumezkoen baldintza sozioekonomikoak hobetzera bideratutako politika publikorik ez izateak.
Testuinguru horretan, eskualdeko andrazkoek erabaki dute beren garapenaren protagonista izatea eta beren ekarpenak agerian jartzea, eta antolatu egin dira beren eskubide ekonomiko, politiko eta sozialak bete daitezen eskatzeko. Hala, EDEPROSASA -Eje de Desarrollo Productivo San Jerónimo-Sahsa: una opción de los Pueblos Originarios de La Costa Caribe de Nicaragua- programaren laguntzaz, 21 emakume-talde osatu dira ingurune horretako beste hainbeste komunitatetan. .
Nazioarteko Elkartasuna GKEa ari da programa hori egikaritzen, INGES elkarte nikaraguarrarekin batera. Gainera, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren babesa dauka.
Buletin honen bidez, Nikaraguako Ipar Karibeko andrazkoen bizimodua erakutsi nahi dizuegu, bai eta beren bizitzak aldatzeko egunero egiten duten lana ere.
Artikuluak buletin honetan...
- 1Nikaraguako Ipar Karibea ezagutzen
- 2Erabakiak hartzeko guneetan parte-hartze berdinzale aktiboa helburu.
- 3Nire prestakuntza eta garapena dira funtsezkoena.
- 4Bizitza hobetzeko baratze agroekologikoak
- 5Elikagaien transformazio-zentroak
- 6Milena García, etengabe hobetu nahian
- 7Tokiko ekonomia dinamizatzeko nekazaritza-zerbitzuak
- 8Koko-ogi gozoa, Karibeko janari ahogozagarria
Hurrengo artikulua
Nikaraguako Ipar Karibea ezagutzen