Leticia Herrera El Llanon bizi da, Mosseko komunitatean, Puerto Cabezas udalerriko erdigunetik 65 kilometrora, Nikaraguako Ipar Karibean. Lurralde konplexua da, zoru gorrixkan hazitako pinudiz betea, eta herritar gehienak miskitoak eta mestizoak dira.
Leticiak 35 urte ditu, eta bere komunitateko burua da. Azken 3 urteotan, modu aktiboan jardun du bere patioan, etxea inguratzen duen lursail batean, baratze agroekologikoak abiatzeko.
Herrialdeko eremu horretan, ez da ohikoa etxea dagoen lursail berean ekoiztea; normalean, lurraldeko familiek oso urrun izaten dituzte lantzeko lurrak (batzuetan, 4 ordura ere), non oinarrizko aleak ereiten dituzten lursail handitan. Eredu estentsibo horretan, nagusiki gizonezkoek hartzen dute ekoizpen-zereginaren ardura, baina beti izaten dute andrazkoen laguntza. Produzitzen dutenari esker, familiek bermatuta dituzte elikagaiak; halere, labore gutxiren mende bizi dira, eta elikadura ez dute batere orekatua, ezta askotarikoa ere.
Halaber, gizonek, ekoizpen-zereginaren erantzukizuna bere gain hartzen dutenez, diru-sarrerak ere zaintzen dituzte. Emakumezkoek, berriz, umeak hazten dituzte; lan horrek ez dakar ordainsaririk, hortaz, andrazkoek mendekotasun ekonomikoa izaten dute.
Ekoizpen-eredu horren desabantailak abiapuntu, EDEPROSASA programak patioko baratzeetan oinarritutako eredu bat proposatu zuen. Ortu horiek familiaren etxebizitzatik hurbil egoten dira, zenbait barazki, fruta-arbola eta animalia txiki izaten dituzte, eta andrazkoek lantzen eta gobernatzen dituzte. Era berean, ingurumen-inpaktu urriko ekoizpen-teknologiak sustatu dira, bai eta klima-aldaketara egokitzeko eta hura mugatzeko neurriak ere. Horrela, aurrera doaz inguruko natura-baliabideei presio txikiagoa eragiten dieten ekoizpen-ereduetarantz.
Programak bultzatzen dituen jardueretan parte hartu ostean, Leticia bere lursailean hasi zen barazkiak landatzen, bereganaturiko ezagutza praktikan jarrita. Horrez gain, emakumezko gehiagoren bila jardun zuen, nork bere patioan ereiteko ahalegina egin zezan.
Emakume horiek patioko baratze txikietako agroekologiaren eta ekoizpenaren gaineko trebakuntzan parte hartzera animatu zituzten. Leticia komunitateko eredu bihurtu da, eta bere lursail txikia baratze baten ustiapen egokiaren adibide bilakatu du; izan ere, besteak beste, taroa, jukak, bananak, tomateak, txile piperra, Jamaikako lorea, ayotea eta pipianak eskuratzen ditu bertatik, eta untxiak eta oiloak ere hazten ditu, proteina-ahorakina askotarikoa izan dadin.
Pixkanaka-pixkanaka, etxe-esparruko zereginak baratzeko lanarekin uztartu ditu, eta egitasmo ederra sendotu du. Proiektuaren bidez, gainera, klima-aldaketari aurre egin ahal izan dio, eta familiaren elikadura-iraunkortasuna bermatzen du.
Jateko beste ekoizten dugu, baina behar duguna baino gehiago ekoitziz gero, saldu egiten dugu, diru-sarrerak eduki ahal izateko dio Leticiak. Poliki-poliki, gero eta andrazko gehiago ari da taldean sartzen; proiektuaren bitartez ikasitakoa praktikan jartzen eta beren lursail txikiak eraginkortasunez baliatzen ari dira. Leticiaren esanetan, sei emakumek abiatu zuten egitasmoa bere komunitatean, baina, egun, hogeik baino gehiago agertu dute bat egiteko interesa.
Bizi-baldintzak aldatuz doaz proiektuak eragina izan duen komunitateetan, ekoizpen-eredu inklusiboagoa, intentsiboagoa eta erresilienteagoa abiapuntu, andrazkoek komunitateko ekonomiaren dinamizazioan duten parte-hartzeari esker. Horrez gain, askotariko dieta eta familientzako diru-sarrerak sustatzen dira.
Ekoizpen-arloko prestakuntza jasotzeaz gain -eta horren osagarri-, bai Leticia bai komunitateko beste zenbait emakumezko indarkeriari aurrea hartzeari, generoari eta buruzagitzari buruzko ikastaroetan parte hartzen ari dira. Horrek beren errealitatearen gaineko irakurketa osoagoa egitea ahalbidetzen die, eta aukera gehiago ematen beren familietan eta komunitatean harremanak hobetzeko.