# 75

Txotxongiloak Berdintasunerako Urrunaga

Txotxongiloak Berdintasunerako, zer da?

Txotxongiloak ere genero-berdintasunaz mintzatzen dira

Txotxongiloen eskuetan

Alegiazkotik benetakora

Istorio bakoitzeko istorioak

Amaiera hasiera denean

Artikuluak buletin honetan...

  • 1
    Txotxongiloak Berdintasunerako, zer da?
  • 2
    Txotxongiloak ere genero-berdintasunaz mintzatzen dira
  • 3
    Txotxongiloen eskuetan
  • 4
    Alegiazkotik benetakora
  • 5
    Istorio bakoitzeko istorioak
  • 6
    Amaiera hasiera denean

"Txotxongiloak ere genero-berdintasunaz mintzatzen dira" txotxongilo-tailerraren helburua da parte-hartzaileek genero-berdintasunaz hitz egin eta hausnartu ahal izatea, gogoeta-prozesu sortzaile baten bidez; aldi berean, prozesuan, txotxongilo bat sortzen, maneiatzen eta erabiltzen ikasten dute. 

Proposamena garatzeko metodologia esperientzia horizontala izan dadin antolatuta dago, bizipenezko esperientzia aktibo eta parte-hartzailea izan dadin. Hala, parte-hartzaileek sortzeko, aztertzeko eta beren intereseko edo interes kolektiboko gaiez hausnartzeko topagune gisa baliatuko dute tailer-eremua, non bereganaturiko ezagutzak finkatu, autoestimua sendotu, eta txotxongiloak eraikitzeko, maneiatzeko eta erabiltzeko tresna teknikoak nahiz trebetasunak eskuratuko dituzten.

Lau lan-etapak.

1. Sarrera: tailerraren helburuen eta erabiliko den metodologiaren aurkezpena.

2. Mahaiko lana:

a- gaien azterketa eta bai testuen bai pertsonaien sorkuntza.

b- txotxongiloen sorkuntza.

c- txotxongiloen erabilera eta maneiua.

d- txotxongilo-obren muntaia.

3.  Sormen-prozesuaren erakusketa

a- parte-hartzaileek egindako lanaren erakusketa (prozesuan sorturiko txotxongiloen erakusketa).

b- parte-hartzaileek prozesuan sorturiko txotxongilo-obren aurkezpena.

4. Bizi izandako prozesuaren gogorapena

a- jardueraren argazki bidezko narrazio-laburpenaren eraketa.

b- bizi izandako prozesuaren emaitzen gogorapena.

Zer egiten dute txotxongiloek?

Tailerraren helburua da haurrak genero-berdintasunaren garrantziaz jabearaztea, gaiaren gainean sentsibilizatzea. Horretarako, txotxongiloak modu ludiko eta sortzailean baliatzen ditugu, hausnarketarako eta sozializaziorako eragile gisa. Txotxongiloek, beraz, eragile ludikoak diren aldetik, gaiak modu atsegin eta dibertigarrian jorratzea ahalbidetzen digute, eta, estrategia horri esker, helduek zein haurrek jolastuz eta borondatez parte har dezakete proposamenean.

Tximeletaren Ametsa

Egilea: Chuang Tzu

“Chuang Tzuk tximeleta zela amestu zuen. Esnatu zenean, ez zekien Tzuk tximeleta zela amestu zuen edo tximeleta izanik Tzu zela amesten ari ote zen.”

Urrunaga, azaroak 6.

Urrunagan txotxongilo-tailerra egiteko aukeraz hitz egin zigutenean, herri hori oso ezezaguna genuela pentsatu genuen lehenbizi, erronka kartografiko, linguistiko eta logistiko handia zela. Urrunaga Legutio udalerrian dago, Araban. Berezia da, apala, intimoa familiarra, kolektiboa, halakoa dirudi, behintzat. Jarduera garatzeko lokala? Lehenik eta behin, esan beharra dago Urrunagako jendeak oso serio eta aktiboki hartzen dituela bai bere komunitatearen antolaketa bai bertako gune soziokulturalak.

Goizeko hamar eta erdiak inguru. Maikak, tailerraren herriko arduradunak, lokaleko ateak ireki dizkigu; minutu gutxi batzuen buruan, lehenengo haurrak azaldu dira. Pixkanaka, aretoa kolorez, ahotsez, pauso urduriz eta bitxikeriaz bete da.

  • Egun on, ongi etorriak genero-berdintasunerako txotxongilo-tailerrera. Iván dut izena, eta gaurkoan Irati eta Silvia lankideak ditut ondoan. Norbaitek bere izena esan nahi digu?
  • Ni Kimetz naiz, ni Ainhize, nik Loitzune dut izena, nik Olaia, Egoitz, Aitana, Saioa, Anitz, Iraia, Alba, Luken.
  • Nik txotxongiloak sortzen ditut, eta haiekin jolasten naiz. Hau da, nolabait esatearren, titiriteroa naiz. Badakizue txotxongiloa zer den?
  • “Hariz maneiatzen den panpina. Antzerkia bezalakoa da. Panpinak dira", haurren erantzunak.
  • Bueno, txotxongiloa bizia eman nahi diogun edozer objektu edo gauza da. Esaterako, mintzatzen den zuhaitz bat, abesten duen lehoi bat, inurri gimnasta bat... dena gure irudimenaren mende dago. Hortaz, tailer honetan, txotxongiloak egiten ikasiko dugu, nola funtzionatzen duten, baita erabiltzen ere; horretarako, bi egun besterik ez dugu. Prest zaudete?

Jakin-minez beteriko "Bai!" ozena entzun da aretoan, eta tailerrari hasiera eman diogu.

Lehen eguna, goizeko hamaikak eta bost, gutxi gorabehera. 6 eta 13 urte bitarteko 12 neska-mutil ari dira jardueran parte hartzen.

  • Tailerrarekin aurrera jarraitu baino lehen, nire lagun on hau aurkeztu nahi dizuet: Max du izena, apur bat lotsatia da eta ez zaio asko hitz egitea gustatzen; marraztea, ordea, izugarri gustuko du.

Max (txotxongiloa) oinez sartu da aretoan, patxadaz, ingurua behatu eta bere burua aurkeztu du.

  • Egun on denoi. Maximiliano dut izena, baina oso luzea denez, Max esatea gustatzen zait. Marraztea atsegin dut, margolaria-edo naiz: batzuetan, zuhaitzak marrazten ditut, beste batzuetan etxeak, edo mendiak... paisaiak ikaragarri gogoko baititut. Nahi al duzue zerbait marraztea? Ufa, baina ez dakit gaur zer marraztuko dudan... a, badakit.

Paisaia bat margotu du, eta bertan giza silueta bat. Maletan eseri, margolana behatu, eta zera galdetu die umeei:

  • Norbaitek zer den esan diezadake? Neska ala mutila den, zein izen duen? Neskek eta mutilek zein desberdintasun eta antzekotasun dituzten?

Umeek hausnartu, eztabaidatu eta, besteak beste, hauxe erantzun dute: Mutilek zakila dute, eta neskek alua. Neskek ile luzea dute, Naroa du izena. Mutilek azkarrago egiten dute korrika, Markel da.

Orduan, Max txotxongiloak honako hau galdetu die:

  • Nork esan diezadake genero-berdintasuna zer den?

Zurrumurru konplizea zabaldu da aretoan, neska-mutilak gogoeta egiten ari dira, hizketan daude, elkarri begira, harik eta lehen ahotsak entzun diren arte: genero-berdintasuna da neskak eta mutilak berdinak izatea, emakumeek gizonen eskubide berak edukitzea, denok berdinak izatea.

Istorio bat, ipuin bat, pertsonaia bat, paperean islatutako ideia bat... alegiazkotik benetakora, parte-hartzaileek aktiboki dihardute lanean; beren pertsonaiak eta istorioak formaz, nortasunez eta ezaugarriz hornitzen dituzte; pausoz pauso, materialen metamorfosiak istorioak gorpuzten ditu, eta, horrekin batera, haurren iruditeria autoestimua finkatzen, sormena sendotzen eta elkarrekiko konfiantza garatzen laguntzen duen errealitate txikia bihurtzen da.

Irudimenean, Unibertso osoak du leku.

Parte-hartzaile bakoitzak, tailerrean, pertsonaia bat sortu zuen, haren ezaugarriak eta istorioa landu zituen, eta pertsonaia guztiak txotxongilo bihurtu ziren gero; horrela jaio ziren: It beldurtia, Banilla tarta zoriontsua, Iraia eta bi etxeak, Pinotxo erraldoi dantzaria, Ainhize hontza, Zaldi legendarioa, Naya margolaria, Mikimaus, Sorgina, Zalantza, Larrimence eta Snoopy.  Denak eta bakoitza bakarra bezain bereziak dira, nork bere estiloa du, bere nortasuna. Bere istorioa. Guztiak eta bakoitza iruditeriatik sortu eta errealitate zehatza bilakatu dira.

Irudimenaren unibertsoan, ez dago istoriorik gabeko pertsonaiarik, ezta pertsonaiarik gabeko istoriorik ere.

Beti esan izan dugu txotxongiloak sortzea ez dela eginkizun erraza: pazientzia behar da, kontzentrazio pixka bat, grina, jolasteko gogoa eta, batez ere, irudimen handia.

Tailerrean, haurrek talde-lanerako trebetasunak eta koordinaziorako gaitasunak garatzea dugu helburu, eta bakoitzaren denborarekiko eta lanarekiko errespetuaren kontzientzia sortzea ere bai, besteak beste. Izan ere, honako hau irmoki sinesten dugu: "Hezkuntzak ez du mundua aldatzen, mundua aldatuko duten pertsonak baizik." (P. Freire)

Horretarako, haurrak interakzioan aritzeko gunea ideiak, trebetasunak eta norberaren berezitasunak bateratzeko modukoa izan dadin saiatzen gara, non batuketa emaitza baino garrantzitsuagoa den.


Istorio guztiek pertsonaia bat dute, eta pertsonaia guztiek istorio bat.

Azkenean, tailerreko 12 parte-hartzaileetako bakoitzak bere istorioak eta zegozkien txotxongiloak sortuta burutu zuen prozesua. Banakakotik kolektibora egiteko ariketa honetan, sei txotxongilo-obra jaio ziren, tailerrari amaiera emateko erakusketan antzeztu zirenak. 

Obra hauek sortu ziren prozesuan: 1.- Naya programa, 2.- It beldurtia, 3.- Mikimaus hilotza, 4,- Etxe sorgindua,  5,- Dantzaldia   6,- Banilla tarta zoriontsua.

Gaur igandea da, azaroaren 7a, eta 18:00ak dira ia. Tailerraren azken egun eta orduak ditugu; urduritasuna ustezko lasaitasunari gailentzen zaio; pixkanaka, gainera datorkiguna irudikatzen hasiak gara denok; izan ere, txotxongilo-obren, txotxongiloen eta, jakina, tailerreko parte-hartzaileen aurkezpen-ekitaldia dugu. 

Eskerrak eman nahi dizkiegu Urrunagako gurasoei, beren seme-alabekin jarduera bikaina garatzeko beharrezko tresna guztiak gure esku jartzeagatik. Eskerrik asko, halaber, esperientzia honetan ondoan izan genituen lagun guztiei; Arabako Foru Aldundiari, haurren iruditeria ezagutzea ahalbidetzeagatik; haurrei, gurasoei eta prozesuan lagundu ziguten eta babestu gintuzten pertsona guztiei; eta, nola ez, jarduera hau egitearen alde egin zuten kideei.

Eta hala bazan eta ez bazan, hemen gaude istorio honen hasieran. 

Mila-mila esker.

Gu KaleidosKopio y Titeritanto gara,

betiko berak.

Buletina konpartitu

URL hau erabili dezakezu kopiatzeko...

https://mep.solidaridadsi.org/eus/titeres-para-la-igualdad-urrunaga

URL hau erabili dezakezu kopiatzeko...

Gracias por tu interés

Pronto recibirás el siguiente número de MEP en tu email.


Hay un error

Comprueba tu dirección de email y vuelve a intentarlo.