# 41

Emakumeen garaia Nikaragua Ipar Karibe Kostan

Leticia Herrera: "Nire ortuari esker, seme-alaben unibertsitatea ordainduko dut"

Derlis Lampson: "Laster, neure elikagai-saltokia zabalduko dut"

Jhonra Noth: "Ikasteagatik interesa berreskuratu dut"

Milena Garcia: "Gizonei kostatu egiten zaie kooperatiban dudan aginte-maila onartzea"

Nikaraguako Ipar Karibe Kosta Eskualde Autonomoan daude herrialdeko lurrik emankorrenak, baina baita pobreziarik handienetakoa ere. 32.000 metro koadro zabal da (Kataluniaren tamaina), zazpi parke natural daude, eta 300.000 biztanle besterik ez du. Biztanleriaren erdia baino gehiago 19 urtetik beherakoa da, eta Managua hiribururako edota Erdialdeko Amerikako beste herrialderen baterako emigrazioak ezartzen du bizi-erritmoa, oihanaren erdian bizitzeak oso aukera gutxi ematen dituelako.

Gainera, herrialdeko beste arazo batzuek ere kolpatzen dute eskualdea, hala nola narkotrafikoa edota ustiatzeko lur emankor bila dabiltzan enpresariei auzo-lurrak legez kanpo saltzea.

Orain dela bost urte, Nazioarteko Elkartasuna GGKEak lankidetza-programa bat diseinatu zuen aldaketarako tresnak sortzeko. Han bazkide duen INGESen bitartez, lur emankorren ardatza Bilwi hiriburutik hurbil aurkitu zuen; lurra lantzeko modu berriak ezartzeko ahalmen handiko gunea zen, eta bertako behar nagusiak ere antzeman zituen. Hala, geroztik, gazte eta emakumeentzako lidergorako prestakuntza-plana garatu du, baita lurra lantzeko bestelako erak ere, biofinken eta lanbide-prestakuntzako hainbat programaren bitartez (ebanisteria, elikagaien ekoizpena, kooperatibetarako laguntza, mikronegozioen sustapena). Hiru urte joan dira proiektua hasi zenetik, eta kasu arrakastatsu itxaropentsuenak bildu nahi izan ditugu lerrootan.

Orotara, 126 lagun trebatu ditugu barazki-ekoizpenean, eta 42 nekazaritza-enpresari eta 52 zurgintza-enpresari hasi dira lanean. 429 gaztek baino gehiagok jaso dute lidergo-diplomatura, eta, ekintzailetza-tailerrak partekatu ondoren, 420 emakume gazte elkarrekin harremanetan jarri ditugu.

Orain, datozen bost urteotan ipini nahi dugu begirada, abiatutako prozesuen finkapenean laguntzeko, herrialdean ahalmen gehien duen eskualdeetako batean emaitzak ikusten hasteko ilusioaz.

Artikuluak buletin honetan...

  • 1
    Leticia Herrera: "Nire ortuari esker, seme-alaben unibertsitatea ordainduko dut"
  • 2
    Derlis Lampson: "Laster, neure elikagai-saltokia zabalduko dut"
  • 3
    Jhonra Noth: "Ikasteagatik interesa berreskuratu dut"
  • 4
    Milena Garcia: "Gizonei kostatu egiten zaie kooperatiban dudan aginte-maila onartzea"

Danielek ikasketak utzi ditu, urtebetez. Egun osoa ematen du Leticia Herrera amari lurra lantzen laguntzen. Jamaikako lorea, bananondoak, piperrak, arroza, indaba, luzokerra eta kuia landatzen dituzte, berotegia daukate hazi berriak ernetzeko, eta lau oilo hazten ari dira. 20 bizilagunek baino gehiagok hurbil-hurbiletik behatzen dute ama-semearen lana, haien ortuei ahalik eta etekin gehien ateratzeko.

Leticiak barre egiten du. Ortuarekin hasi zenean, beste sei bizilagunek laguntzen zioten. "Haiek amore eman zuten: ez zuten pazientziarik izan, ezta federik eta gogorik ere, hainbeste lortzeko gai izango ote ziren egiaztatzeko". Nikaraguako Ipar Karibe Kosta Eskualde Autonomoko Moss komunitatean, normalena zen elikagai horiek guztiak Bilwin erostea, alegia, hurbileneko hirian, eta arruntena zen lurra gizonek soilik lantzea.

Orain, bere ortuarekin, Leticiak lortu du baliagarria sentitzea ez ezik, 12 metro koadroko lursaila bere janaritegia izatea ere. "Seme-alaben dieta aberastu egin dugu, eta, areago, soberakin asko merkatuan saltzen ditugu". Aurreztutakoarekin, espero du Daniel semeak datorren urtean berriz heltzea ikasketei, Bilwiko bi unibertsitateetako batera joanda.

Leticia Nazioarteko Elkartasuna GGKEak (eta bere bazkide INGESek) azken hiru urteotan biofinketan trebatutako 420 emakumeetako bat da. Trebatutako emakume guztietatik, 126 dira egun barazki-ekoizleak; gainera, 2018ko azarotik, saltoki ibiltaria dute Bilwiko udal-azokan, beren soberakinak erosi nahi duen orori saltzeko. Nazioarteko Elkartasunak zabaldutako merkatua, halaber, agroekologian trebatutako pertsona orori aukera gehiago emateko.

Derlis Lampson lan berri batean ari da. Orain dela astebete hasi zen jaki-prestaketa irakasten Nikaraguako Ipar Karibe Kosta Eskualde Autonomoko Santa Martako komunitateko beste emakume batzuei. Belwi eskualdeko hirigune bakarretik bi ordura, Derlisek espero du errezeta horiek diru-sarrera gehigarria ekartzea beste emakume batzuei, jakiak saltzeari esker.

Atzo, goiz bakar batean, haragi-pastel osoa saltzea lortu zuten, 130 lempiraren truke (lau euro inguru). Derlisek irribarrez diosku. Bitartean, eguneko pastelarekin egin beharrekoak errepasatzen ari da. Bi ordu falta dira herrixkako eskola bakarrera bidaltzeko. Han, zatitu, eta puska bana eskainiko diete irakasle eta ikasleei. Gaur, Aurelia eta Cintia daude berarekin; osagaiak nahasteko eta sutan jartzeko zain daude.

Hala, Derlisek urtean 30 emakume trebatzeko asmoa du, launakako txandatan. "Hasiberriak gara. Emakumeok geure familia-ekonomia hobetzeko bestelako bideak topatzea espero dut". Ilusioz dio.

Azken hiru urteotan lidergoari eta ortu biologikoetako elikagai-ekoizpenari buruzko prestakuntza jaso duten emakumeetako bat da Derlis. Nazioarteko Elkartasuna GGKEak eta tokiko bere  bazkide INGESek eskualdeko 21 udalerritako 420 emakumerekin egin dute lan; Santa Marta da herri horietako bat, eta bertan dago Derlis, xehetasun txikienari adi, dena ongi atera dadin.

Prestakuntzan hiru urte eman ondoren, emakumeek beren ortuak dituzte etxean bertan. Elikagaien prozesamendurako zentroen helburua da elikagaiak egitea (pastelak, gozokiak edo tartak), emakumeek diru-sarrera gehigarriak lor ditzaten. Ikasturte honetan, Derlisek Santa Martako Elikagaien Eraldatze Zentroa koordinatuko du, parrokiako instalazioetan.

Geroko ere badu planik: jaki-saltoki bat zabaldu nahi du etxeko sarreran. "Eskualdeko errepide bakarra hemendik pasatzen da. Seguru askok esker onez hartuko dutela beste saltoki bat. Horrela, ikasketak egiten lagunduko diot alabari". Sua prest dago. Derlisek beste haragi-pastel bat jarri du sutan.

Jhonra Nothi ez zaio gustatzen jendaurrean mintzatzea. Bere ama-hizkuntza miskitoa da, eta, gaztelaniaz hitz egin behar duenean, ez zaionez natural ateratzen, lotsatu egiten da. Hala ere, Santa Martako komunitateko Emakumeen Sareko Batzordean idazkari-lanpostua hartu berri du, bileraz bilera gero eta seguruago sentituko dela jakitun.

24 urte ditu, eta kargua erronka gisa hartu du, baita bere bizitzarako bultzadatzat ere. Nazioarteko Elkartasuna GGKEak INGES eta URACANekin (Ipar Karibe Eskualde Atlantikoko Unibertsitatea) koordinatuta antolatutako gazte- eta komunitate-lidergo ikasketak egin berri ditu. "Badakit neure komunitateko bizimoduari ekarpena egin diezaiokedala, gure bizitzak hobetzeko ideiak eman ditzakedala, eta ezin dudala eman egun osoa etxean sartuta".

Bere ustez, etxeen sakabanaketak ongi islatzen du eguneroko bakardadea. Bikotekidearekin bizi da, eta bi urteko alaba zaindu behar du. "Ikasten hasi nahi dut berriz, jende gehiagorekin egon, eta gure bizimoduak hobetu" nabarmendu du. Bigarren hezkuntzako ikasketak hasi ditu. Egunen batean unibertsitatera joatea du amets. "Argi dut: zenbat eta prestatuago egon, orduan eta gehiago lagunduko diot alabari".

Bere eskualdeko emakume nerabeen % 24 haurdun daude. % 36k etxean bortizkeria pairatu izana onartzen du, eta % 26k sexu-bortizkeria. Gazteen arteko sareak sendotzea bizimodu-aldaketak sustatzeko modu bat da, Nazioarteko Elkartasunaren ustez. Jhonraren kasuan, ikasketek eman diote etxeko lanez haragoko ardurak hartzeko bultzada. "Beste emakume batzuekin harreman sakonagoak izan nahi ditut. Gure bizitzak hobetu behar ditugu, eta horretan ari gara".

2009an, Fenix urakanak gogor astindu zuen El Naranjal, Ipar Karibe Kosta Eskualde Autonomoko komunitatea, baina aukera bat ere ekarri zien bertako herritarrei: haizeak botatako zuhaitzen egur guztia kudeatzea. Hala, kooperatiba bat abiatu zuten bertako askok, guztien artean egurra ateratzeko, zerratzeko eta saltzeko.

Kooperatibak beste aukera handi bat du orain: emakume batek gidatutako eskualdeko lehena izatea. Milena Garciak urtebete darama postuan, baina ez daki zenbat gehiago iraungo duen. Bilera bakoitzean sumatzen du: "Gizonei kostatu egiten zaie nire aginte-maila onartzea". Gehiengoak hautatu zuen arren, oraindik ez du guztien konfiantza.

Azken hiru urteotan, Nazioarteko Elkartasuna haiekin aritu da lanean, makineria berritzeko eta beste zerrategi bat izateko oinarrizko tresnez hornitzeko. "Azkenean, beste batzuen egurra jasotzen dugu, ebaketa guztia kudeatzeko". Beste urtebeterako lan-karga ziurtatuta dute, eta Milenak badaki, itxiera ekonomikoaz harago, bere agintaldiak lagundu egingo diela emakumeei El Naranjaleko bizitza publikoan lekua egiten.

Egun, Nazioarteko Elkartasunak eskualde osoan prestakuntza-saioen bitartez ahalduntze-prozesuetan lagundutako 420 emakumeetatik bosti ematen die lana.

Buletina konpartitu

URL hau erabili dezakezu kopiatzeko...

https://mep.solidaridadsi.org/eus/mujeres-indigenas-de-la-costa-caribe-norte-de-nicaragua

URL hau erabili dezakezu kopiatzeko...

Gracias por tu interés

Pronto recibirás el siguiente número de MEP en tu email.


Hay un error

Comprueba tu dirección de email y vuelve a intentarlo.