# 59

INGURUMENA ETA EMAKUMEA SAHARAZ HEGOALDEKO AFRIKAN

KLIMA-ALDAKETAK AFRIKAN DUEN ERAGINA

EMAKUMEEN EGINKIZUNA KLIMA-KRISIAREN AURREAN

WANGARI MUTA MAATHAI, GERRIKO BERDEA MUGIMENDUAREN SORTZAILEA

DESERTIFIKAZIOAREN AURKAKO BORROKA KEBEMER SAILEAN, SENEGAL

INGURUMEN-ZUZENBIDEA ETA ELIKADURA-SUBIRANOTASUNA

HILDA NAKABUYE, ALDAKETARAKO AHOTS BERRIA

Afrika da CO2 gutxien isurtzen duen kontinentea, baina klima aldaketaren ondorioak gehien pairatzen ari dena da, eta bertako biztanleek, eta bereziki emakumeek, zalantzazko etorkizunari aurre egin behar diote. Alde batetik, hainbat indarkeria-egoera bizi dituzte, eta, bestetik, kultur tradizioen euskarria eta aldaketarako erreferenteak dira; hori guztia eskubideak mugatuta eta isildurik dituztela.

Afrikako kontinentea jasaten ari den ingurumen-inpaktua neurtzeko hainbat adierazle daude. Adibide bat 1970az geroztik antzemandako lehorteak lirateke, azkenaldian eskualde ezberdinetan areagotu direnak; horren ondorioz, Sahel eta Hegoaldeko Afrika gero eta desertifikatuago daude.

Egungo egoera soziokulturala eta ekonomikoa dela eta, bertako biztanleak baliabide naturalekiko geroz eta mendekotasun handiagoa dute. Kontinentearen egoera ez da soilik klima aldaketaren ondorio; urte batzuk lehenago jasandako kolonizazioarengatik ere bada. Kolonizazioaren ondorio bat homogeneizazio kultural eta ekonomikoa izan zen, honek jakintza tradizionalen mespretxua zekarrelako eta herri askok naturarekin zuten batasun sakratua oztopatzen zuelako.

Baina Afrika erresilientziaz betetako emakumeez osatutako kontinentea da, eta urteak daramatzate aurrerapenaren izenean egindako ankerkeriei aurre egiten. Horren erakusgarri da 70eko hamarkadan sortutako Gerriko Berdea mugimendua. Gaur egun, gazte askok bat egin dute Fridays For Future mugimenduarekin eta 2019ko klimaren gailurra bezalako gune garrantzitsuetan beren ahotsa entzunarazi gaituzte.

Artikuluak buletin honetan...

  • 1
    KLIMA-ALDAKETAK AFRIKAN DUEN ERAGINA
  • 2
    EMAKUMEEN EGINKIZUNA KLIMA-KRISIAREN AURREAN
  • 3
    WANGARI MUTA MAATHAI, GERRIKO BERDEA MUGIMENDUAREN SORTZAILEA
  • 4
    DESERTIFIKAZIOAREN AURKAKO BORROKA KEBEMER SAILEAN, SENEGAL
  • 5
    INGURUMEN-ZUZENBIDEA ETA ELIKADURA-SUBIRANOTASUNA
  • 6
    HILDA NAKABUYE, ALDAKETARAKO AHOTS BERRIA

Klima-aldaketa prozesu naturala omen da planetaren funtzionamenduaren barruan, teoria batzuen arabera; baina normala ez dena azkartzea da gizakiak atmosferara gas kantitate izugarriak isuriz eta gas horiek arautzen eta xurgatzen dituzten sistemak deuseztatzen lagunduz.

Planetaren alde guztietan klima-aldaketaren ondorioak pairatzen ari dira; hala ere, eremu batzuk ahulagoak dira eta Afrika da horietako bat. Hondamendien Epidemiologiari buruzko Ikerketa Zentroak (CRED ingelesez) egindako txosten baten arabera, 337 milioi pertsonak jasan dituzte hondamendi naturalak Afrikan azken 20 urteetan. Arrazoi nagusia lehorte aldien igoera da ( % 80) eta, paradoxikoki, uholdeak ( % 16) dira bigarren arrazoia. 46.000 pertsona baino gehiago hil dira azken hamarkadan muturreko fenomeno klimatikoen ondorioz. Afrikako kontinentean munduko biztanleriaren % 17 bizi da; 2050erako kalkuluen arabera % 25 izatera iritsiko dira, ugalkortasun-tasa handia delako. Urte horretarako, Mendebaldeko Afrikan tenperatura 1,5 eta 4 ºC artean igotzea espero da, Sahelen eta Saharako basamortuan igoera handiagoa izango delarik (Future Climate for Africaren datuak).

Klima-aldaketaren ondorioetako batzuk hauek dira: bat-bateko hondamendiek eragindako heriotzen handitzea, gaixotasun kutsagarrien eraldaketa eta areagotzea (malaria, dengea, beherakoak, uraren infekzioak), elikagaien bermea eta diru-sarreren beherakada eta/edo desagertzea, pertsonen mugimendu behartua eta baliabideen ondoriozko gatazkak areagotzea.

Afrikak herrialde aberatsa izaten jarraitzen du petrolioan, gasean eta hainbat mineraletan; hala ere, horrek ez du hobekuntzarik ekarri bertako komunitateetan; aitzitik, gatazka armatu eta giza eskubideen urraketa asko baliabide-aberastasun horrekin lotuta daude.

Egoera horri aurre egiteko, Afrikako herrialde askok premiaz ezarri dituzte beren biodibertsitatea babesteko ekintza-planak; Garapen Jasangarriko Helburuak lortzeko baliotzat hartu behar dira, biztanleen arteko desberdintasuna eta pobrezia murrizten saiatuz.

Argazkia: Nazioarteko Elkartasuna / Solidaridad Internacional artxiboa.

Genero-desberdintasunak klima-aldaketaren ondorioak jasateko moduan ere eragiten du, ondorio horiek emakumeen bizitzan eragin bortitzagoa baitute. Horietako bat lehendik indarrean dauden diskriminazio-ereduak areagotzea da. PNUDek (Nazio Batuen Garapenerako Programa) marjinazio handiagoa eragiten duten faktoreetako batzuk aipatzen ditu:

** Emakumeek lurren edo ganaduaren jabegoaren sarbidea mugatua dute; askotan, blokeo hori familietatik beraietatik dator gizarte-ohituretan oinarritutako oinordekotza legeen bidez. Lanaren banaketa sexuala eta laborantza jakin batzuekiko mendekotasuna dela eta, emakumeek, normalean, klima-aldaketaren eraginpean gehien dauden baliabideak soilik eskura ditzakete. Hori guztia paradoxikoa da, emakumeek nekazaritzan duten eginkizuna erabakigarria baita. Azken batean, lurrak landu eta mantentzen dituztenak dira, baina ez dira jabeak.

** Oraindik ere aukera gehiago ematen zaizkie mutikoei neskatoei baino eskolara joateko orduan; gainera, litekeena da neskatoek landan lanean hasteko edo familien zaintza-lanak egiteko ikasketak lehenago uztea. Horren ondorioz, informazio gutxiago dute klima-arriskuei aurre egiteko eta hondamendien aurrean egokitzeko.

** Afrikako emakume askok mugatuta dituzte beren komunitateetatik kanpoko mugimenduak. Normalean, gizonak dira lehenengo migratzen dutenak, eta emakumeak klima-aldaketak hondamendi gehien eragin dituen eskualdeetan geratzen dira.

Eskubideen urraketa horiek, halaber, hondamendiei aurre egiteko erabakiak hartzerakoan beren komunitateen barruan beren ahotsak isilaraztea sustatzen dute, eta, era berean, desberdintasuna areagotzen laguntzen dute, haien biziraupena baldintzatuz. Emakumearen Institutuak egindako Generoa eta Klima Aldaketa bezalako ikerketek emakumeek eta adingabeek hondamendi batean hiltzeko gizonek baino 14 aldiz aukera gehiago dituztela erakusten dute.

Baina emakume afrikarrak garapenaren eragile gisa berezkoa duen ezaugarri bat erresilientzia da. Antzeko bizi-baldintzak izateak elkarri laguntzeko eta baliabideak partekatzeko sare komunitarioak sortzen ahalbidetzen du. Elkartasun-sare horietan oinarritutako egokitzapena klima-aldaketaren aurrean erresilientziaren adibide da.  

Hondamendi-egoerak maneiatzeko gaitasunak areagotzen dituzten esperientziak sare sozialak, zaintza-trebetasunak, komunitateen ezagutza zabala, ingurumen- eta natura-baliabideen kudeaketa, arriskuaren kontzientzia-maila handiak, etab dira. Horretaz guztiaz arduratzen direnak Afrikako emakumeak dira.

Argazkia: Nazioarteko Elkartasuna / Solidaridad Internacional artxiboa.

Wangari Muta Maathai (1940-2011) Kenyako politikaria eta ekologista izan zen eta Bakearen Nobel Saria jaso zuen lehen emakumea (2004).

1977an, Maathaik Nairobi basotzea proposatu zuen Kenyako Emakumeen Kontseilu Nazionalean (NCWK). Kontseiluak onartu egin zuen eta urte horretako Ingurumenaren Egunean, ekainaren 5ean, 7 zuhaitz landatu zituzten komunitateko buruzagi historikoen omenez. Hori izan zen lehen gerriko berdea.

"Ia kointzidentziagatik izan zen, beno, egia esan, ia kasualitatea izan zen. Ideia hau emakumeen kontseilu nazionalean hasi zen. 1975ean, Nazio Batuen Emakumeari buruzko lehen Konferentzia egin zenean, Mexikora joateko prestatzen ari ginen. "

Maathaik herrialde osoan negutegiak sortzera animatu zituen Kenyako emakumeak; inguruko basoetan haziak bilatzen zituzten eta, horrela, bertako zuhaitzak ereiten zituzten. Parte hartzen zuten emakumeek ordainsaria jasotzen zuten. Horrela, ideia soil batekin, bere bi bizi-proiektu batzea lortu zuen: emakumeak ahalduntzea eta baso-soiltzearen aurka borrokatzea.

"Afrikako alde horretan emakumeak dira ingurumenaren degradazioaren lehen biktimak, haiek baitira uraren arduradunak; beraz, urik ez badago, emakumeak dira orduak edo egunak ur bila ibiltzen direnak. Hauek dira ere egurra ekartzen dutenak. Haiek ekoizten dituzte beren familientzako elikagaiak. Beraz, erraza da neurriak hartzera animatzea, zuzenean non eragingo dien modu positiboan ikus baitezakete. "

Gerriko Berdea mugimendua hedatzen joan zen munduko beste toki batzuetako erakundeen laguntzari esker. Era berean, kontzientzia politikoa handitzen joan zen, Kenyako eguneroko arazoek ere (goseteak, baso-soiltzeak, etab.) harreman politikoa zutela konturatu baitziren.

2004an, Nobel saria eman ziotenean, batzordeak honakoa adierazi zuen: "Lurreko bakea ingurumena ziurtatzeko dugun gaitasunaren araberakoa da, eta Wangari Muta Maathai helburu hori lortzeko borrokaren erakusle da". Sari hau irabazi zuen lehen emakume afrikarra izan zen, baita ingurumen-ekintzailea ere.

Gaur egun bere ondarea mantentzen da. 40 milioi zuhaitz baino gehiago landatu dituzte Afrikan eta 3.000 mintegi baino gehiago zaintzen dituzte 35.000 emakume inguruk. Gerriko Berdea mugimenduak Afrika osoan lanean jarraitzen du eta bere ideiak planeta osoan zabaltzen ari dira. Wangari Maathai erreferentzia bihurtu da emakume askorentzat, batez ere afrikarrentzat, bere bizitza eta ingurunea aldatzeko ikasi eta sutsuki borrokatu zuen emakume bat ikusten baitute bertan.

Argazkia: Nazioarteko Elkartasuna / Solidaridad Internacional artxiboa.

Kebemer departamendua Louga eskualdean kokatzen da, Sahel senegaldarrean; eremu horretan urteko batez besteko tenperatura 28ºC-koa da eta lurzoruak, oro har, pobreak dira. Eskualdeak aurre egin behar dion arazo nagusia desertifikazioa da, ura eskuratzeko dituzten murrizketak gehitu behar zaiona. Ur hau putzu tradizionaletatik etorri ohi da, ez beti edangarria, ia inoiz ez nahikoa.

Lurralde horretako ekoizpen-sektoreentzat funtsezkoak dira baso-baliabideak. Herritarrek mendekotasun handia dute egurra erretzearen aurrean. Praktika horren bidez ingurumenean kalteak eragin ezezik, beraien osasunari ere eragiten dizkiote, batez ere emakumeen osasunean, haiek xurgatzen baitute ke gehien elikagaiak prestatzean.

Gainera, emakume senegaldarren ongizatean ere badu eragina, ordu asko ematen baitituzte etxeko lanetarako energia-hornidurak bilatzen; denbora hori ez dute bizirauteko beste jarduera estrategiko batzuetan ematen, hala nola prestakuntzan edo bizitza komunitarioan parte hartzen.

Ipar Kosta Handia izeneko itsasertzean zehar, Dakarretik Saint Louisera doana, duna eta sakonune segida bat zabaltzen da, Niayes eremua bezala ezagutzen dena. Hemen, gehienak peuls artzain transhumanteak dira. Baina gero eta euri gutxiago egiten du inguru honetan eta lurzoruaren kalitatea asko ahuldu da.

XX. mendearen bigarren erdialdean zehar, senegaldarren gobernuak zonalde hau birlandatzen saiatu zen Casuarina Esquisetifolia landaketekin dunak geldiarazteko prozesu baten bidez. Gaur egun, 200 metro inguruko gerrikoa dago hondartzaren paraleloan, dunak egonkortzen laguntzen duenak. Horrela, baratzeetako ekoizpena babesten da.

2009an, Nazioarteko Elkartasunak eta Fadec-Nord bazkideak dunak finkatzeko plan bat jarri zuten abian Lompouleko basamortuan, Harresi Berde Handia eredutzat hartuta. Proiektu horretan Saharaz hegoaldeko Afrikako 14 herrialdek hartu dute parte, zuhaitz-harresi bat sortuz Saharako basamortuaren aurrerapena oztopatzeko eta, horrela, dunen desertifikazioari eta aurrerapenari aurrea hartzeko.

11 urte hauetan 630 hektareako azalera bete da, horietatik ehun 2018an. Ganadutik bizi zen peul herri nomadak egonkortu eta eutsi ahal izan dio inguru horretan sortu dituzten baratze txikiei esker.

Argazkia: Nazioarteko Elkartasuna / Solidaridad Internacional artxiboa.

Ingurumena babesteko lehen arau nazionalak 60ko hamarkadan sortu ziren. Urte horietan, gizarte-mugimenduak artikulatzen eta gizarte kapitalistaren ekoizpen- eta kontsumo-eredua zalantzan jartzen hasi ziren, eta ingurumena babesteko lehen lege integralak onartzen hasi ziren, konstituzio-arau batzuetako klausulak bezala. Afrikaren kasuan, Gizakien eta Herrien Eskubideen Afrikako Gutunaren 24. artikuluak "Ingurumen egoki eta globala, garatzeko egokia" izateko eskubidea aitortzen du.

1987an, "Garapen jasangarria" kontzeptua sortu zen, hau da, "Egungo belaunaldiaren beharrak asetzea, etorkizuneko belaunaldien gaitasuna arriskuan jarri gabe".

2002an Johannesburgon ikuspegi nahiko ezkor batekin garapen iraunkorrari buruzko munduko goi-bilera egin zen 1992an Rion egindako goi-bilerak ekarri zuen porrotaren ondoren. Garapen iraunkorrari buruzko diskurtsoak huts egin zuela egiaztatu zen, eta bestelako estrategiak bilatu ziren.

Ingurumenari buruzko nazioarteko zuzenbidearen printzipioek eragin oso desberdina dute aplikatzen diren lurraldearen arabera. Batzuk oso esanguratsuak dira kolonialismoaren biktima izan zen eta gaur egun bere baliabideak arpilatzen eta ustiatzen jarraitzen duen afrikar kontinentearentzat:

* Erantzukizun komun baina bereizien printzipioa, herrialde garatuek planetaren degradazioan izan duten rol historikoa aitortzan oinarritua.

* "Kutsatzen duenak ordaindu egiten du" printzipioa.

* Prebentzio-printzipioa, garatu beharreko jardueretan ingurumen-kalterik ez eragiteko.

* Subiranotasunaren printzipioa: estatuek berez dute mugaz gaindiko ingurumen-kalterik ez eragiteko betebeharra.

Hainbat ikerketek ondorioztatu dutenez, Afrikak beroketa globalaren eta elikagaien krisiaren ondorioak arintzeko duen aukera bakarra elikadura-subiranotasunerako eskubidea funtsezko printzipio gisa erabiltzea da. Indarrean dagoen krisi klimatikoak nekazaritzan metodo tradizionalak egokitu behar ditu kontinentearen biziraupenerako beharrezkoa dena ekoizteko, horrela, kanpoaldearekiko mendekotasuna murriztuz.

Argazkia: Nazioarteko Elkartasuna / Solidaridad Internacional artxiboa.

Hilda Nakabuye 2019ko Klimaren Goi Bileran parte hartu zuen gazte ugandar bat da. Bere diskurtsoa egin ondoren, areto osoa ,agintariz eta nazioarteko ekintzailez beteta, zutitu zen. "Pozik nago hemen nagoelako, Hego hemisferioko gazte gutxietako bat naizelako. Ez dut ulertzen zergatik dauden gutxiegi ordezkatuta klimaren krisiak gehien kaltetutako herrialdeak COP25en "; hitz horiekin hasi zuen hitzaldia. "Ni ez naiz etorri errekonozimenduak izateko, ez ditut espero. Krisi klimatikoaren zati handi bat pairatzen ari diren milioika gazte afrikar ordezkatzeko etorri naiz, etorkizuneko belaunaldien izenean hitz egiteko ".

Duela 22 urte Kanpalan jaio zen, eta Fridays For Futureen sustatzaile sutsua izan ezezik, Victoria lakuaren ertzeko plastikoak garbitzeko proiektu baten kidea ere bada. Madrilen egindako goi-bileran, nazioarteko erakundeak gogor kritikatu zituen Afrikako gazteen ahots indartsua kontuan ez hartzeagatik: "Zuek ametsak dituzue, baina guk ere bai. Munduko buruzagien negoziazioak gure ikuspunturik aintzat hartu gabe egiten ari dira ". Bere hitzaldia Afrikako arazoei iparretik ematen zaien garrantzi eskasari egindako deia izan zen. Bere familiak lurrak eta abereak lehortearen erruz saldu behar izan zituela salatu zuen. "Ezin dizkiguzue itzuli hazten ari ziren baso haiek guztiak... Konpontzen ez badakizue, gutxienez ez suntsitu", eskatu zuen.

Argazkia: Nazioarteko Elkartasuna / Solidaridad Internacional artxiboa.

Buletina konpartitu

URL hau erabili dezakezu kopiatzeko...

https://mep.solidaridadsi.org/eus/medio-ambiente-y-mujer-en-el-africa-subsahariana

URL hau erabili dezakezu kopiatzeko...

Gracias por tu interés

Pronto recibirás el siguiente número de MEP en tu email.


Hay un error

Comprueba tu dirección de email y vuelve a intentarlo.