# 56

LGTBIQ eskubideak Saharaz hegoaldeko Afrikan

Zertaz ari gara LGTBIQ pertsonei buruz ari garenean?

Gay izan Senegalen

Afrikako sexu-orientazioari buruzko legeen mapa

Garai kolonialaren aurretik, bitartean eta ondoren

Mugak gainditzen dituen istorioa: Danielle Nicole Mboume

2019ko erdialdean Botswanako Auzitegi Nagusiak homosexualitatea zazpi urteko espetxe-zigorrarekin punitzen zuen zigor-kodearen atal nagusiak ezabatu zituen aho batez. "Giza duintasuna kaltetu egiten da talde minoritarioak baztertzen direnean", esan du Michael Elburu epaileak, auzitegiko hiru epaileetako batek. Giza eskubideen aldeko ekintzaileek garaipen handi gisa ospatu zuten erabakia, eta, ebazpena aurrerapauso handia izan bazen ere, Botswanako sexu bereko pertsonen arteko harremanen despenalizazioak LGTBIQ pertsonek kontinente osoan aurrez aurre dituzten desberdintasun sakonak eta potentzialki hilgarriak ere agerian utzi zituen. ILGA Worlden arabera, sexu-identitate eta sexu-orientazio kolektibo minoritarioen aldeko munduko erakunderik handiena dena, 150 herrialde baino gehiagotan eta 1.600 erakundetik gora osatuta dagoena, homosexualitatea legez kanpokoa da Afrikako 54 herrialdeetatik 33tan - horietako lauetan heriotza-zigorra indarrean dago -; beraz, lesbianek, gizon homosexualek eta transgeneroek beren jatorrizko herrialdeetatik ihes egin behar izaten dute segurtasun bila. Baina, behin Afrikako beste herrialde batean asiloa edo kontinentetik kanpo birkokatzea eskatu ondoren, ihes egiten saiatu ziren tratu kaltegarri bera ematen dien sistema baten pean harrapaturik aurkitzen dira; izan ere, estatuek eman dezaketen lege-babesetik harago, portaera-eredu "normaletik" urruntzen den edozein jokabidea (heteronormatibitatea) moralki gaitzesgarria eta fisikoki zigorgarria den herriaren uste zabaldua dago, erlijioak, gobernu desberdinek eta historia kolonialak moldatu dituzten ikuspuntuak.

XXI. mendeko bigarren hamarkada amaitzen ari da, eta sexu-orientazioaren arloko zuzenbidearen mapamundia inoiz baino aktiboagoa eta aldakorragoa da, eta Afrikako kontinentea ez da salbuespena. "Urte bizi bat izan den honetan atzera begiratzean, LGTBIQ kolektiboaren eskubideen aitorpenari dagokionez, aurrerapen- eta atzerakada-dinamikak gero eta konplexuagoak eta zehatzagoak direla ohartzen gara, eta horrek ezinezkoa egiten du gai honen dimentsio anitzak azterketa-ildo bakar batera murriztea", adierazi du ILGA Worldek Estatuaren Homofobiari buruz 2019ko abenduan argitaratutako azken txostenean.

Hegoafrika 1998an bihurtu zen homosexualitatea despenalizatu zuen Afrikako lehen herrialdean, Johannesburgoko Auzitegi Nagusiak nazioaren sodomia legeek apartheidaren ondorengo herrialdeko Konstituzioa urratzen zutela ebatzi zuenean. 2010etik gaur egun arte, Afrikako hegoaldeko beste herrialde batzuek sexu bereko pertsonen arteko harremanak despenalizatu dituzte, Mozambike, Angola eta Lesotho barne. 2006an, Hegoafrikak homosexualen arteko ezkontzak legeztatu zituen, munduko bosgarren herrialdea eta Afrikako lehena (eta orain arte bakarra) izanik.

Joera despenalizazioarena bada ere (ILGAk 2010etik ez zuen atzerapauso baten berri ematen, Burundik sexu bereko pertsonen arteko harreman adostuen penalizazioa aprobatu zuenetik), 2019an lehenik Txadek eta Gabonek ondoren, Burundiren urratsak jarraituz, beren zigor-kodeak aldatu zituzten, onartutako harreman homosexualak espetxe-zigorrez punituz.

Argitalpen honetan, LGTBIQ pertsonek Afrikan bizi duten egoerari anitzei buruz argi pixka bat ematen ahaleginduko gara, ikuspegi orokor batetik zein kasu zehatzei erreparatuz, hala nola Senegaleko egoeraz edo Madrilen bizi den Danielle Nicole Mboume kamerundar ekintzailearen bizi-esperientziaz mintzatuz.

Artikuluak buletin honetan...

  • 1
    Zertaz ari gara LGTBIQ pertsonei buruz ari garenean?
  • 2
    Gay izan Senegalen
  • 3
    Afrikako sexu-orientazioari buruzko legeen mapa
  • 4
    Garai kolonialaren aurretik, bitartean eta ondoren
  • 5
    Mugak gainditzen dituen istorioa: Danielle Nicole Mboume

Geroz eta ohituago gaude termino horrekin, sexu-orientazioa edo genero-identitatea gehiengoarekin edo heteronormatibitatearekin bat ez datozen pertsonak biltzen dituena. Aitzitik, sentsibilizazio handiago batek kolektibo horretako kideek egiten dituzten identitateen eta hautuen arteko bereizketa zehatzago bat eskatzen du; izan ere, kolektibo hori, askotarikoa izan arren, homogeneizatzeko eta denak zorro berean sartzeko joera dago. Aniztasun handiagoak hiztegi aberatsago bat eskatzen du nahi eta nahi ez. Horren emaitza dira azken urteetan terminoari gehitzen joan zaizkion siglak, beraien esanahia betiere argi ez duguna.

L - Lesbiana: bere generoarekin identifikatzen den emakumea eta emozionalki, afektiboki, erromantikoki eta/edo sexualki beste emakume batek erakartzen duena.

G - Gay: pertsona batek bere genero bereko beste batekiko duen erakarpen emozionala, afektiboa eta/edo sexuala. Homosexual hitzaren sinonimotzat har daitekeen arren, Asier Santamaria aktibistak honako ñabardura hau egin du: "Homosexuala jatorri mediku-juridikoa duen hitza da, psikopatologia sexualeko tratatu baten testuinguruan 1870ean sortu zena, eta gu patologizatzeko erabilia izan dena. Ez da identifikatuta sentitzen naizen terminoa".

T - Transexual edo Transgenero: jaiotzean esleitutako generoaren kontrako generoarekin identifikatzen diren pertsonak. Hormonazio-prozesu fisiko bat behar dute pertsona hauek, baina ez da nahitaezkoa berresleipen-kirurgiakoa gauzatzea.

B - Bixesual: genero edo sexu bat baino gehiagoko pertsonekiko erakarpen erromantikoa, afektiboa eta/edo sexuala sentitzen duten pertsonak dira, ez derrigorrez aldi berean, ez derrigorrez modu berean eta ez derrigorrez maila berean edo intentsitate berean.

I - Intersexual: proportzio aldakorrean bi sexutzat jotzen diren sexu-ezaugarriekin (kromosomak, genitalak eta/edo egitura hormonala) jaiotzen den pertsona. Mediku batzuek haur intersexualen gurasoei ebakuntza kirurgikoak egitea aholkatzen diete, ezaugarri horietakoren bat desagerrarazteko, baina arrisku handia dago benetako identitate sexuala adierazi ez duten haur intersexualentzat. Heartland Alliance-GIHR erakundeko Fanny Gómez-Lugoren arabera, pertsona intersexualek jasaten duten diskriminazioa, gainerako LGTBQ pertsonek ez bezala, ez du zerikusirik haien sexu-orientazioarekin, ezta genero-identitatearekin ere, baizik eta "tradizionalki" gizonezkoen edo emakumezkoen gorputzetatik haratago doan gorputzaren aurkezpenarekin.

Q - Queer: beren orientazio eta identitate sexualagatik etiketa tradizionalen pean sailkatu nahi ez duten pertsonak definitzeko sortutako terminoa. Queer izaerak sexualitate arauemailea deseraikitzen du eta gizartean onartutakoa gainditzen du, hau da, bizitza heterosexuala, monogamoa, antzeko adina eta klase soziala duten pertsonekin…

LGTBIQ kolektiboetako ekintzaileek nahastu behar ez diren lau alderdi aipatzen dituzte: ezaugarri biologikoak, genero-identitatea, generoaren adierazpena eta sexu-orientazioa.

Lehenik eta behin, ezaugarri biologikoak genitalen araberakoak dira, eta genero-identitateak, berriz, sentitzen dugunarekin du zerikusia (emakumea, gizona edo bietako bat ere ez). Generoaren adierazpena bakoitzak bere nortasuna kanporatzeko moduari dagokio. Eta, azkenik, sexu-orientazioa, nor desio duzunarekin lotuta dagoena.

Argazkia: Christina Morillo.

"Kaolackeko 11en" istorioak zalaparta handia sortu zuen. Hedabideak, poliziak filmatutako aurpegien irudiak lortu zituztenak, zoratu egin ziren, egundoko espiral gaiztoa sortuz. Jendeak parte hartu zuen. Buruzagi erlijiosoek beren mezu suminduekin lagundu zuten. Jendea erotu egin zen. Orain Mohamed Dakarreko apartamentu batean ezkutatuta dago beste sei gizonekin, poliziak ezkontza homosexual bat antolatu izana leporatu ostean. "Egia esan, urtebetetze bat izan zen". Azkenean ez zen kargurik aurkeztu haien aurka, baina horrek ez zuen eragotzi jendetzak jipoitu nahi izan eta jazarpenak sofritu izana. Azkenean, jaioterritik kanporatzea lortu zuten. "Bi gaitzen artean, nahiago dugu poliziak gu aurkitzea gure herritarrek aurkitzea baino".

"Ez zait gay izatea gustatzen. Nire lanaz gain, nire familia behin-betiko galdu dudala uste dut. Hau da mingarriena. Hemen zirkuluetan bueltaka gabiltza, ez dugu perspektibarik gertatzen ari zaiguna ulertzeko eta gure bizitzaren balantzea egiteko. Nire lehentasuna alde egitea da, bestela erotu egingo naiz. Nire familiarentzat zigorra litzateke itzultzea: estigmatizatuko lituzkete ", dio Colyk, Dakarreko apartamentu ilunean ezkutatutako beste gizon batek. "Gay izatea sekretu batekin bizitzea da. Dena galdera batera mugatzen da: noiz jakingo da? "

Pikine auzoan neska gazte batek ihes egin behar du jendetzaren ohiuengandik; piercingak eta txapela daramatza. Goiz hartan bertan, Junior Prudenceko instalazioetan babestu behar da, aurpegia handituta, ezpaina irekita eta besoa hautsita dituelarik. Aurreko egunean, hiriburuko taberna batean, jeans estuak zeramatzan. Gaurko goiza beste asko bezalakoaren berdina da, Pikinen, Dakarren, Mbourren edo Touban. "Gaitzespen soziala hainbeste gauza txikitan oinarritzen da, arropetan, jarrera batean, esaten den horretan", dio goibel Ndeye Kebek, giza eskubideen aldeko borrokan lan egiten duen emakume karismatikoak.

Oraindik entzun daitezke Wally Seck pop izar ospetsuaren kasuaren oihartzunak; izan ere, Stay abestiaren bideoklipan emakume poltsa batekin agertzeagatik "armairutik atera gabeko homosexuala" izatea leporatu zioten. Horren bortitza izan zen prentsaren eta iritzi publikoaren jazarpena, non Seckek, presioei amore emanez eta bere ospearen erabateko beherakadan, eszenatokian guraize batzuekin poltsa suntsitzea erabaki zuen bere kontzertuetako batean, honela homosexuala ez zela sinbolizatuz.

ILGA Worldek estatu-homofobiari buruz 2019an argitaratutako azken txostenaren arabera, Senegalen, kode penalaren 319 (3) artikuluak erreparatzen die jokabide homosexualei. Horren arabera, "Sexu bereko pertsona batekin ekintza desegoki bat edo naturaren aurkakoa egiten duenari 1 eta 5 urte bitarteko espetxe-zigorra ezarriko zaio, bai eta 100.000 eta 1.500.000 franko arteko isuna ere (150 eta 2.285 euro). Egintza 21 urtetik beherako batekin egiten bada, gehieneko zigorra aplikatuko da beti ".

"Diskurtsoak oso asaldatuak dira, baina indarkeriazko ekintzak, bakanak. Gizarteak nahiko tolerantea izaten jarraitzen du ", adierazi du Seydi Gassama, Senegaleko Amnistia Internazionaleko presidenteak. "Tolerantea homosexualitatea ezkutuan dagoen eta izendatzen ez dugun bitartean". Thomas, Kaolackeko hamaiketako bat eta Dakarreko zazpi giltzapetuetariko bat, ildo beretik doa: "Homosexualitatea onartu egiten da homosexualek beren leinuaren jarraipena ziurtatzen duten bitartean; ordea, oinarrizko eskubideak erreibindikatzeko garaian jendeak ez du ezer entzun nahi. Zenbat eta agerikoagoak izan, orduan eta minduago sentitzen da gizartea, eta, beraz, orduan eta gehiago areagotzen da gure aurkako propaganda ". Homosexualak gizartetik kanporatzeko etengabeko kanpainek ukatu egiten diete Konstituzioak aitortutako hiritar izaera, bigarren mailako hiritarretan bilakatuz.

Senegalek GIBagatiko infekzio-maila% 0,4koa izateagatik harro egon daiteke (CIA World Factbook, 2018). Baina zifra horrek errealitate kezkagarri bat ezkutatzen du: homosexualak barne hartzen dituzten populazio taldetan prebalentzia-tasa% 21era igotzen da. Beraz, agintariek osasunaren arloan ofizialki aktiboak diren LGBTI elkarteei kontzientzia sortzeko eta beren programetan anonimotasunean parte hartzen duten pertsonei laguntzeko agindu diete. Horrela, homosexualak ez dira onuradunak bakarrik, baita GIBaren aurkako borrokan parte hartzen dutenak ere. Hala ere, elkarte horietako langileak eta liderrak ere oso kalteberak dira, legeak beraien lanaren muin diren ekintzak zigortu egiten baititu. "Sarrerako atea GIBaren aurkako borrokarena da, baina homosexualen esperientzia eta etsaitasuna GIBaren hedapen-faktoretzat onartuz. Hori dela eta, HIESa duten gaixo asko ez dira osasun zentroetara joaten, gaixotasuna isiltzen saiatzen dira eta, ezkutuko homosexualak izanik, beren emazteak eta seme-alabak infektatzen dituzte. Horrek izugarrizko ondorioak ditu gizarte osoan, osasun publikoari dagokionez.

Baina, egia esan, susmo soil batek indarkeria fisiko eta moralaren eraginpean jartzen du edonor, akusazio horrek zuzenean polizia-etxera eramaten ez duenean. Bestalde, akusazio horren atzetik "nazioarteko zuzenbidearekin errespeturik ez duten eta biktimekiko diskriminatzaileak diren epaiketak daude, ekintza eta orientazio sexuala nahasten dituztenak", dio Ndeye Kebe aktibistak. "Pribatutasuna eta errugabetasun-presuntzioa ahulduta daude, zurrumurruetan oinarritutako atxiloketa arbitrarioak egiten dituzte, eta, asko badira ere, gutxitan laguntzen dituzte karguekin. LGBT eskubideak ez dira existitzen. Giza eskubideak baino ez daude, herritar guztiei aplikatuta ".

ILGA Worldek 2019an argitaratutako estatuko homofobiari buruzko urteko azken txostenaren arabera, Afrikako 54 herrialdeetatik 32tan, sexu bereko pertsonekin harreman adostuak izatea heriotza-zigorreraino eraman dezake pertsona bat -Mauritanian, Nigeriako iparraldean, Sudanen eta Somaliako itsas-lerroan-. Ekialde Ertainarekin eta Asia erdialdeko eta ekialdeko herrialde batzuekin batera, Afrika da homosexualitatea legez kanpokoa den herrialde gehien dituen kontinentea. Aitzitik, herrialde bakar batek, Hegoafrikak, babesten ditu LGBTIQ pertsonak bere Konstituzioan; aitzitik, lege-babes horrek, gizartean oso errotuta dagoen sentimendu homofoboa izanik, ez du herrialde hau pertsona horientzako leku seguru bihurtzen.

Datu estatistiko batzuk:

Sexu bereko helduen arteko adostasunezko sexu-ekintzak: LEGEZKOAK

Soilik 54 herrialdeetatik 21etan dira legezkoak sexu bereko helduen arteko adostasunezko harremanak. Portzentajea alderantziz proportzionala da munduko herrialde guztiekiko.

Sexu bereko helduen arteko ohiko sexu-ekintzak: LEGEZ KANPOKOAK

Sexu-orientazioagatiko diskriminazioaren aurkako gutxieneko babesa

% 6rekin, Afrika da bere herritarrei sexu-orientazioagatiko diskriminazioaren aurkako babes gutxien eskaintzen dien kontinentea.

Biktimaren sexu-orientazioak eragindako delituengatiko erantzukizun penala

Soilik 3 herrialdek eskatzen dute erantzukizun penala biktimaren sexu-orientazioak eragindako delituengatik.

Azken hamarkadan eraildako trans pertsonen mapa

2008ko urtarriletik 2019ko irailaren 30era arte, Transrespect Versus Transphobia (TvT) erakundearen datuen arabera, pertsona transexualen 3.314 hilketa erregistratu dira mundu osoan. Bitxia bada ere, horietako 17 bakarrik egin dira Afrikako kontinentean, bertako gobernuek transexualekiko inolako konpromisorik eta beraien giza eskubideak errespetatzeko borondaterik ez dutela argi eta garbi adierazten duena; izan ere, gobernuek, hiltzaileak jazarri beharrean, goratu eta adoretu egiten dituzte, estatu bera zuzenean hiltzen ez dituenean.

Homosexualitatea “jokabide” afrikarra ez den sinesmen herrikoaia dago eta atzerriko potentziak izan zirela, hedapen kolonialistan, "Gaixotasuna" kontinentean zehar inportatu eta hedatu zutenak. "Politikariek zein herritarrek, oro har, beren homofobia justifikatzeko, antzinako koloniek Afrikan gauzatu nahi duten eta afrikarrek aurre egin behar dioten tresna inperialista gisa identifikatzen dute homosexualitatea. Hori dela eta, homosexualitatea" atzerriko gaixotasun "gisa identifikatzea, atzerriko bizitza-eredu bati lotua dagoena eta, beraz, afrikarra ez dena, ideia komuna da Afrikako politikari askoren erretorikan", jasotzen du Sandra Rodriguez Pintorek bere “Dibertsitate sexuala eta Saharaz hegoaldeko Afrika: LGTBI kolektiboaren GGEEen mugak eta aurrerapen-eremuak” proiektuan.

Yahya Jammeh Gambiako presidente izandakoak 2010ean homosexual guztiei burua moztu beharko litzaiekeela esan zuen; Muhammadu Buhari Nigeriako egungo presidenteak bere herrialdean homosexualik ez dagoela esan zuen era berean; Kenyako auzitegi batek, ildo beretik, homosexualitateak balio tradizionalekin talka egiten duela, alegia. Halako adierazpenek boto mordoa ematen dizkiete agintariei atzean identitatearen auzia baitago. Sarritan, buruzagi politikoek homosexualen aurkako legeak gogortuko dituztela hitzematen dute, jakinda, hautatuak izan ondoren, ezin izango dutela agindutakoa bete, horrek Giza Eskubideen aldeko nazioarteko erakundeek ezarritako zigor ekonomikoak eta herrialdeek hainbat esparrutan hartutako konpromisoak urratzea ekar dezakeelako.

Baina, benetan, non sortu ziren lege horiek?

Homosexualen aurkako lege asko XIX. mendetik egon dira indarrean, Europako potentziek Afrika kolonietan banatu zutenetik. Eta, hala ere, "kolonizazioa arte, homosexualak familiako zeremonietan, ezkontzetan, bataioetan eta abarretan jokatzen zuten paperagatik onartuak ziren eta, beraz, gizartearen onespena zuten. Estatus bat ere bazuten! ", azaldu du Abo Backryk, Raddho Senegalgo giza eskubideen elkarteko presidenteak. Boromnia itur deituak izan ziren, "Bi izen dituztenak" esan nahi duena. Baina, gizon zuriaren etorrerarekin, egoera aldatu egin zen. Homosexualitatea legez kanpokoa izan zen Botswanan 1800. urtearen amaieratik, adibidez, lurraldea Britainia Handiak gobernatzen zuenean. Herrialdeko zigor kodearen 164. atalak debekatu egin zituen "naturaren aurkako" ekintzak, "Naturaren ordenaren aurkako haragizko ezagutza" gisa definitu zituenak, eta delitu horiek zazpi urteko espetxe-zigorrarekin zigortzea eragin zuen. Britainia Handiak gizonezkoen homosexualitatea kriminalizatu zuen 1.553tik, eta mundu osoan garatu zituen kolonietan antzeko politikak hedatu zituen.

1967an Britainia Handia homosexualitatea despenalizatzen hasi zenean, estigmak eta homosexualen aurkako legeak antzinako kolonietan errotu ziren, britainiarrek utzitako viktoriar hizkuntzaren zatiak barne. Mundu osoan, homosexualitatea kriminalizatzen duten nazioen erdiak baino gehiago jabetza britainiarrak izan ziren noizbait. Adotei Akwei Amnistia Internazionaleko defentsa eta gobernu harremanetarako zuzendariordearen arabera, Afrikako zenbait gobernuk lege hauek gizarte zibilaren zati batzuk ezabatzeko eta bere boterea babesteko baliagarriak aurkitu dituzte. "Lege horiek guztiak potentzia kolonialei mesede egiteko eta beren menpekoek beren lekua ezagutu zezaten bermatzeko diseinatu ziren". Baina, kolonizazioaren ondoren, eta iritzi publikoan (oso hezkuntza gutxiko pertsonak hein batean)  buruzagi politiko eta erlijiosoek egindako manipulazioaren ondorioz, europarrak zigortzaileak izatetik homosexualitatearen hedatzaile izatera igaro dira, eta horra hor paradoxa: besterena zena propiotzat hartu eta denona dena besterena bezala hartu.

Danielle Nicole Mboumek pertsona bat diskriminatzeko hartu ohi diren ezaugarri identitario guztiak biltzen ditu: emakumea, beltza, afrikarra, migratzailea eta lesbiana. Ia bizitza erdia darama bere jaioterritik kanpo; bertatik ihes egin behar izan zuen poliziak, auzokideek edo ustezko lagunek salatu ondoren, bera atxilotzeko familiaren etxera indarrez sartu ezkeroztik. "Familiari agur esan ezinik alde egin behar izan nuen, ezer gabe, inolako baliabiderik gabe", gogoan du Daniellek, minez.

Etxetik joan zenean Daniellek 16 urte baino ez zituen. Bi urte zeramatzan bere sexu-orientazioagatik jazarria eta diskriminatua izaten, amari lesbiana zela argi eta garbi aitortu zionetik. "Amak ez zuen jakin egoerari nola aurre egin. Une horretan nik banuen ahizpa bat kartzelan arrazoi beragatik (lau urte baino gehiago eman zituen bertan) eta amak kutsatu egin ninduela pentsatu zuen ", azaldu digu Daniellek. "Sendatzeko, amak nire eguneroko girotik urruntzea ona izango zela pentsatu zuen eta, horregatik, hiriburutik (Duala) kanpoko barnetegi batera bidali ninduen. Graduatu nintzenean, hiriburura itzuli nintzen, etxera, unibertsitatean ikasten jarraitzeko; mundu guztiak “sendatua” nengoela pentsatu zuen, baina beti dago txibatoren bat ". Bere etxean lagunekin graduazio festa ospatzen ari zen egunean, jendarmeak bertara sartu ziren Danielle atxilotzeko, baina atzeko atetik ihes egitea lortu zuen, bere etxea eta familia betiko atzean utziz.

Argazkia: DAnielle eta Ingrid.

Kongora autobusez iristea lortu zuen. Bertan, Ingrid Roselyne ezagutu zuen, beranduago, bere emazte bihurtuko zena eta zeinengandik jada berriz bananduko ez zena. Egoera jasanezina bihurtu zenean hegoalderantz abiatzea erabaki zuten, "Hegoafrikaraino, Kinshasan homosexualitatea legezkoa zela jakin genuelako". Hala ere, esperientzia ez zen ona izan, "Han homosexualak hiltzen zituzten, Kamerunen gertatzen zen bezala, bortxaketa zuzentzaileak gertatzen ziren… Dena oso arriskutsua izan zen ". Beraz, atzera-bidea eta haratago egitea erabaki zuten, Mediterraneoarekin topatu ziren arte.

Immigrazio behartuaren eta Giza Eskubideen urraketaren dramatik igarotzen diren bizitzek ezin dute amaiera zoriontsurik izan. Min gehiegi, sufrimendu gehiegi, bidegabekeria gehiegi, bizitza gehiegi hautsiak betiko. Baina Danielleren istorioa, batez ere, gainditze istorio bat da. 2010ean lortu zuen Espainiara pateran sartzea, "hiru aldiz saiatu ginen eta hiruretan Guardia Zibilak Marokora itzuli gintuen. Itzultzen gintuztenean izugarria zen han gertatzen zitzaiguna ". Saiatu ziren laugarren aldian Ceutan sartu ziren. 2012an, errefuxiatu estatusa lortu ondoren, Danielle eta Ingrid Espainian sexu bereko lehen bikote afrikarra ezkontzen izan ziren.

Argazkia: DAnielle eta Ingrid.

Handik gutxira, 2013an, Daniellek Afrikako Dia-Dia Africa Libertad LGTBIQ errefuxiatuei laguntzeko elkartea sortu zuen: "Bizi izan dudan guztiaren ondoren, Afrikan izan dudan esperientzia eta bizipen guztien ondoren, honaino iritsi bidean gertatu zaidanaren ondoren, emakumeak nola sufritzen duen eta migratzaileek nola sufritzen duten ikusi ondoren, elkartea osatzea erabaki nuen, gure askatasunaren alde borrokatzeko". Daniellek aipatzen duen askatasun hori ez dago jatorrizko herrialdeetan soilik mugatuta, eta ekintzaileak ondo daki hori, "Gure jatorrizko herrialdeetan LGTBIQ pertsonok bizi dugun egoera jasanezina egiten duena ez da horrenbeste lege homofoboengatik edo poliziaren jazarpenagatik, baizik eta presio sozialagatik. Presio hori ez da desagertzen ihesarekin; izan ere, harrera-herrialdeetan pairatzen jarraitzen dugu, batetik bertan bizi den Afrikako komunitate beragandik eta, bestetik, tokian-tokiko gizartearengandik. Afrikako homosexual askok ez dute asiloa eskatzen lotsagatik, euren kideek gay direla jakin ez dezaten. Klandestinitatean bizi dira".

Azkenik, 2018. urtearen amaieran, Daniellek La Única Esperanza argitaratu zuen, ordura arte bizi izan duena azaltzeko beharretik sortutako kontakizun autobiografiko gordina. "Gure istorioak ez dira ezagutzen. Ez digute galdetzen. Bidaia deitzen diote ihesaldi desesperatu bati. Jendeak ez du gure beharren berri, ez daki zer eman dezakegun, zein izan den gure istorioa eta zerk bultzatu gaituen gure lurretik mundu ezezagun batera. Hori kontatu behar nuen emakumeak eta LGTBI kolektibo etorkina ikusarazteko ", dio Daniellek.

La Única Esperanza liburuaren azala.

La Única Esperanza liburua Terra Ignota Ediciones argitaletxeak argitaratu du.

Buletina konpartitu

URL hau erabili dezakezu kopiatzeko...

https://mep.solidaridadsi.org/eus/derechos-lgtbiq-en-el-africa-subsahariana

URL hau erabili dezakezu kopiatzeko...

Gracias por tu interés

Pronto recibirás el siguiente número de MEP en tu email.


Hay un error

Comprueba tu dirección de email y vuelve a intentarlo.