#42

HAITI: HONDAMENDI NATURALEN AURREAN ERRESILIENTZIA SUSTATUZ

Haitiko hego-ekialdeko departamentuan, lurzoruaren higadura eta desertifikazioa, lur-isuriak, zikloiak eta lurrikarak pairatzeko arriskua altutzat jotzen da. Hondamendi arrisku hauen aurrean dagoen ahultasun egoerak, hala nola familiek elikagaiak lortzeko bizi duten ziurtasunik gabeko egoera kronikoak, ingurugiroari kaltegarriak zaizkion estrategiak aurrera eramatera behartuak ikusi dituzte beraien buruak. Haitikoh ego-ekialdeko 4 komunitateen erantzun gaitasunak indartzea eta hondamendi-faktoreen arriskua gutxitzea, betiere genero ikuspegi bereiztua kontutan hartuta, dira "Haitiko hego-ekiladeko nekazal komunitateen Erresilentzia indartzea" proiektuaren helburu nagusiak. NAZIOARTEKO ELKARTASUNAren eta CROSE bere kide haitiarraren ekimena izanik, proiektuak GARAPENERAKO LANKIDETZAREN EUSKAL AGENTZIAren laguntza izan du.

Entitate Solidarioa:

Artikuluak buletin honetan...

  • 1
    BIZITZA URAKANAREN ERDIGUNEAN
  • 2
    BASOBERRITZEA LURZORUA BERRESKURATU ETA BABESTEKO
  • 3
    HONDAMENDI NATURALEI BURUZKO HEZIKETA ETA PREBENTZIOA ESKOLETAN
  • 4
    LUBAKIEN ZUZENKETA UHOLDEEN AURREAN
  • 5
    FAMILIA-LARRIALDI PLANA
  • 6
    3 BATZORDE BABES ZIBILERAKO
  • 7
    ROLAND DELICE, BABES ZIBILA

BIZITZA URAKANAREN ERDIGUNEAN

01

*Irudiaren Iturria: Comité Interministériel d’Aménagement du Territoire, Atlas des ménaces naturelles en Haïti, 2017.

Haitik, Dominikar Errepublikarekin  batera, osatzen du Hispaniola uhartea Kariben. Eurite eta urakan ugari dauden zonaldean kokatuta dago, hain zuzen, Karibe eta Ipar Amerikako plaka tektonikoen mugan. Kokapen horregatik, lurrikarak eta bestelako hondamendiak jasateko arrisku handia du, beraz, Haitik etengabean muturreko eguraldi fenomenoei (lehorteak "El Niño"k eraginda 2015 eta 2019an), hondamendiei (uholdeak Mapou arro endorreikoan 2004an, 7,3 indarreko lurrikara 2010ean, Matthew urakana 2016an, Irma eta María urakanak 2017an, 5,9 indarreko lurrikara 2018an) eta izurriteei (kolera 2010tik 2017ra) aurre egin behar die, populazioa behin eta berriro errekuperatze-prozesu batean murgilduz.

2010eko urtarrilaren 12an, Richter eskalan 7 graduko lurrikada batek 300.000 hildako utzi zituen. Ezabatu-berri den kolera izurriteak 9.300 pertsona baino gehiago hil du 7 urteren bueltan. 2004an Mapou ibaiaren arroan eman ziren uholdeetan 2.675 lagunetik gora galdu zuten bizitza. 2016an maila 4ko (oso altua) Matthew urakanak gutxienez 600 hildako eragin zituen eta 1,5 milio lagunei eragin latzak ekarri zizkion.

Hondamendiek baliabide naturalengan eta ekosistemengan eragina dutela, hala nola naturaren suntsiketak hondamendien arriskua hareagotzen duela, begibistakoa da. 2010eko urtarrilaren 12an gertatutako lurrikararen ondorioz komunikabideen arreta eta nazioarteko elkartasunaren ardatza izan ondoren, Haiti emaileen agendetatik pixkanaka desagertzen ari da krisi humanitario eta hondamendiak jasateko arrisku gehien duen munduko 15 herrialdeen artean egon arren.

BASOBERRITZEA LURZORUA BERRESKURATU ETA BABESTEKO

02

Herrialde honek urteak daramatza hondamendi naturalen ondorioak pairatzen. 2015etik lehorte eta landare-ikatz ekoizpenaren beherakadagatik salmentarako hainbat zuhaitz moztu dira. Horrela, berehalako etekin ekonomikoak lortu dira -biztanleriaren beharrak asez- ez da ordea kontutan eduki gertatzen ari zen basamortutze prozesua. Edo agian bai, baina egoeraren premiak ez die beste aukerarik utzi, hurrengo testigantzak horrela baitio:

 “Gure muinoak zuhaitzik gabe, gure ibaiak urik gabe eta gure familiak jakirik gabe daude. Gu geu izan gara zuhaitzak moztu ditugunak, gu geu gara Puerto Principen salmentarako ikatz bihurtzen ditugunak, hori da daukagun aukera bakarra diru pixka bat lortzeko”, Boucan Guillaume komunitatearen gizona.

Lurzoruaren egoera oso larria da, lur eremu asko higatuak eta gaizki erabiliak daudenez baso-berritze plana ezinbestekoa da. CROSEk, bertako kideak, badu esperientzia honelako proiektuetan. Oraingoan, etxekoekin lan egingo da beren ahalduntzea lortzeko; horretarako, alde batetik, fruta-arbolak eta basoak landatuko dira higatuago dauden lur eremuetan eta, beste aldetik, orain arte erein ez dituzten haziak ereiniko dira (artoa, patata, kuia, babarruna) laborantza dibertsifikatuz, elikadura anitza lortzen baita.

Proiektu horren familiek informazioa jasoko dute bai proiektuaren inguruan, bai lurzoruaren prestaketaren inguruan, aldi berean haiek proiektuaren betebeharrekin konprometituko dira, alegia, laborantza zainduko dute eta ez dituzte zuhaitzik moztuko.

Ekimen honekin hainbat eskubide sustatzen dira, elikadura duina izateko eskubidea edo lan eskubidea esaterako. Bertako zenbait lagun kontratatzen dira baso-berritze prozesuan, egun, 150 familiek parte hartu dute eta 15 hektarea baso berritu dira.

HONDAMENDI NATURALEI BURUZKO HEZIKETA ETA PREBENTZIOA ESKOLETAN

03

Nelson Mandelak esan zuen “Hezkuntza dela mundua aldatzeko armarik boteretsuena”; hondamendi naturalen aurrean ezinbestekoa da erresilientzia sustatzea eta hori da hain zuzen irakatsi daitekeena eskoletan.

Prebentzioa eta erantzuteko ahalmena sustatzeko 12 eskoletan lan egin da. Hauetatik 6 eskola Bois d’Ormes auzoan daude, 5 Boucan Guillaume auzoan eta 1 Ville de Anse-à-Pitre auzoan. Denak eskola publikoak edo komunitarioak dira -baliabide gutxiko familiarentzat-.

Prozesu honetan, neska eta mutilen partaidetza bermatu da, genero bakoitzeko %50k parte hartu du, 9-18 adin tartean. Halaber, emakumeen partaidetza %40 izan da, izan ere, ikasketak lehenago utzi behar dituzte beren etxeko lanen zaintza lanak direla eta.

Erabilitako metodologia jolasaren bitartez egin da, partaidetza bermatzearren. Jolasak jolas, “Riesgolandia” eta “Te Male” erabili dira –Latinoamerikako hezkuntza komunitateak erabilgarri dituen sentsibilizazio jolasak lurrikara, zikloiak, uholdeak eta horrelako hondamendiei buruz hitz egiteko-. Jolas horiek guztiak Unicef, Gurutze Gorria eta DPC elkarteek egin dituzte, herrialde horietarako berariazko baliabideak helarazteko asmoz.

Ekimena ebaluatzeko, parte hartzaileen –ikasle zein irakasleen- %10k inkesta batzuk erantzun zituen bereganatutako ezagutza neurtu ahal izateko. Hori lortzeko, MOFABek -Belle Anse Barrutiko Emakumeen Mugimenduak, sentsibilizazio ekintzak eta parekidetasunaren aldeko lana egiten duenak- parte hartze diagnosia egin zuen.

Proiektuaren bukaeran, 12 eskoletako 1.600 neska-mutilek ezagutzen dituzte prebentziorako neurriak baita hondamendi naturalentzako erantzunak ere Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren laguntzari esker.

LUBAKIEN ZUZENKETA UHOLDEEN AURREAN

04

2015ean -Mapou arroaren arrisku eta hondamendien proiektuaren bitartean- CROSE eta SI elkarteen langileek Pedernales arroaren proiektua egokitu behar izan zuten. Lekuaren ikerketa zehatza egin zen eta azpiegiturei zegokienez arriskutsuak izan zitezkeen lubakiak aurkitu ziren, bertako biztanleak uholdeak egonez gero isolatuta geratzeko arriskuan baitzeuden. Atal horiek konpontzen joan ahala, laguntza humanitarioaren banaketa erraztu zen baita salmentetarako nekazal produktuen kamioien iristea ere. Proiektu honetan topatutako lubaki batek -Matthew urakanaren ondorioz- errepidea moztu zuen astebetez.

Euste-egiturak kaio beltz blokeekin egin ziren. Bloke hauek harriz beteta zeuden haien iraupena epe luzerako bermatzeko. Lan hauek egiteko 200 langile –emakume zein gizon- egon ziren. Lanaren portzentaje handia bertako kualifikazio gabeko langilerekin egin zen, biztanleri kaltetuenak diru-sarrera izateko aukera izan zezan.

Proiektua bukatzean, Pedernales arroaren lurzoruaren aingurarako, gutxienez lubakien 0,7km konpondu dira eta muinoetan banbu eta bestelako espeziak erein dira.

FAMILIA-LARRIALDI PLANA

05

Biktima eta ahuleziari buruz hitz egiten denean emakumeak ikusi ohi ditugu, baina, era berean, komunitateen erreferente edo dinamizatzaile gisa ikusi beharko genituzke. Haitin garatutako proiektuan, besteak beste, argi ikusi dugu emakumeen gaitasuna eta emakumeen erresilientzia komunitateak berreraikitzean -hondamendien ondorio larrienak haiek pairatu arren-.

Genero ikuspegitik hondamendi hauek dituzten ondorioak jaso dira dokumental batean eta bertakoekin sentsibilizazio lana egin da. Dokumentalaren bertsio elektronikoa zabaldu da, gutxienez, gobernuz kanpoko erakunde koordinakundeetako 10 elkartetan.

Proiektua burutzean, 2.000 lagunek ikusi zuten sare sozialetik emakume haitiarren bideoa hondamendien prebentziorako lanak egiten. Aldi berean, bi egunkarik eta telebista saio batek berri eman zuten  “Hondamendien ondorioak emakume eta gizonengan Haitiko Hego-ekialdean eta Ekintza Humanitarioen prozesuetan” txostenari buruz.

Ikerketa honen arabera, lehenengo urtea bukatu eta gero 100 emakume ahaldunduago sentitzen dira eta beren ustez genero ikuspegiko informazio gehiago daukate hondamendien aurrean prebentzio eta erantzun lanak egiteko.

Krisialdian, emakumeen aurkako indarkeria areagotzen da, eta ikusezin bihurtzen dira. Haitin, oro har, emakumeak ez daude lan antolaketetan, proiektu honetan, berriz, sustatzen da haien parte hartzea, autonomia eta jakinarazpena beren ahalduntze prozesuan: haien eskubideei buruz hitz egiten zaie, emakumeen elkarteak sendotzen dira, eta planifikazio bileretan alfabetatze eta partaidetzarako ekintza bereziak eskaintzen zaizkie.

Genero ikuspegia ezinbestekoa da Haiti bezalako herrialde batean, bertako emakumeen aurkako bortizkeria oso hedatua baitago eta ez dagoelako indarkeria honen aurkako araurik. Esan beharra dago badirela proiektu honetan parte hartu duten hainbat elkarte, adibidez, MOFAB -Belle Anse Barrutiko Emakumeen Mugimendua-. Hauek emakumeei laguntza eskaintzeaz gain, sentsibilizazio ekintzak eta parekidetasunaren aldeko lanak egiten dituzte.

3 BATZORDE BABES ZIBILERAKO

06

Babes Zibileko 3 komunitate-batzordek larrialdi eta komunikazio inguruan eskeinitako araututako formakuntza saioekin, departamentu, komunitate eta herrixken arteko integrazioa, artikulatze ahalmeta eta koordinazioa sendotu dira hondamendien aurrean erantzun egoki eta bateratu bat emateko garaian. 

Ekimen honekin, proiektuak hondamendien aurrean erantzun-gaitasuna hobetzea eta alerta-sistema goiztiarra izatea lortu du.

ROLAND DELICE, BABES ZIBILA

07

Babes zibilerako eta Esku-hartze komunitarioko lantaldeak, duela gutxi sortuak, badute funtsezko eginkizuna hondamendi naturalen lekuko den eskualde honetan. Larrialdietan, komunitatea lantaldetan antolatzen da -Babez zibilerako lantaldeak irla osoan daude eta goitik behera mugitzen dira beren zentrotik, hau da, Puerto Principetik- .

Roland Delice da Babes Zibilerako sail zuzendaritzaren koordinatzailea (Hego-ekialde sailan) eta proiektuaren larrialditarako formazio ekintzetan parte hartzen du. Hona hemen Delicerekin izandako elkarrizketaren zati batzuk:

Haren ustez ibaiz eta itsasoz inguratuta dagoen irla batean bizitzearen ondorioz biztanleria hauskorragoa eta ahulagoa da, gainera, bertan bizi direnek uste dute “naturaren aurkako indarkeria” egin dezaketela iraupen-neurri gisa. Horregatik, eta erronkei buruz galdetuta, Delicek azpimarratzen du biztanleriaren heziketaren beharra, batez ere haurtzaroan. Haren iritziz aldaketa klimatikoari buruzko formazioa ematen hasi da, arriskuei eta ingurumenari buruz ere bai, baina ez da nahikoa. Hark argi du Estatuak erantzukizuna duela baita elkarte zein instituzioek ere, horiek guztiak baitira komunitateetan lan egiten dutenak eta uraren garrantziari buruz hitz egin beharko lieketenak.

Genero ikuspegiari dagokionez, Delicek dio arrisku eta hondamendi kasuetan Babes zibilerako lana pertsona guztientzat dela. Hain zuzen, duela gutxi, Babes zibilerako bertako 4 lantalde sortu zituen: prestatutako 98 pertsonatatik, 35 emakumeak ziren. Koordinatzailearen ustez “emakumeak oso garrantzitsuak dira, elkartzearen eta Babes zibilerako egituraren beharra ulertu ez ezik, arriskuak ulertzen dituzte eta haiek ere badira etxeetan geratuko direnak etxea bera eta umeak zaintzen hondamendi garaietan”.

Etorkizunari eta biztanleriak dituen aukerei buruz itaunduta Delicek argi dauka “jendarteak hainbat amets izan dezake, hainbat dokumentu egin daiteke, baina horiek guztiak errealitate bihurtzeko ezinbestekoa da Estatuaren orientazioa eta laguntza”.