2015eko irailaren 25ean, munduko liderrek helburu jasangarri (GJH) orokor batzuk ezarri zituzten garapen jasangarrirako agenda berri baten zati gisa; agenda horren helburu espezifikoak hurrengo 15 urteetan lortu behar dira. Hala, 2030 Agenda sortu zen, agenda integrala eta dimentsio anitzekoa (garapen jasangarriaren hiru dimentsioei buruzkoa: ekonomikoa, soziala eta ingurumenari dagokiona). 2030 Agenda giza eskubideen esparruan oinarritu da, kontuan hartuta haien ezaugarri diren integraltasun, unibertsaltasun, zatiezintasun eta interdependentzia printzipioak.
2030 Agendan finkatu diren 17 helburuak bost eremu handiren inguruan antolatu dira, "gizateriarentzat eta planetarentzat garrantzi kritikoa" dutela iritzita (NBE, 2015), eta ingelesezko izenen arabera 5P-ak bezala izendatu dira, irudi honetan ikusten den bezala:
6. GJHa gizateria guztiarentzako uraren eskuragarritasuna, kudeaketa jasangarria eta uraren saneamendua bermatzera bideratuta dago. Nazio Batuen Erakundearen (NBE) datuen arabera, edateko ura eta saneamendua eskuratzeko orduan hobekuntza txiki bat lortu bada ere, oraindik hiru pertsonatik batek ez du edateko ur osasungarria eskuratzeko aukerarik, bost pertsonatik bik ez dute oinarrizko instalaziorik eskuak urarekin eta xaboiarekin garbitzeko, eta 673 milioi pertsonak baino gehiagok aire librean egiten dute txiza eta kaka. Gainera, ez dezagun ahaztu horrek nola eragiten dien emakume eta neskei; izan ere, haiek dira ura biltzeko ardura dutenak txorrotako urik ez duten etxeen %80tan.
6. GIHaren xedeen artean, honako hauek lortu nahi dira: 2030erako ura arrazoizko prezioan eskuratzea eta sarbide unibertsala eta bidezkoa izatea; saneamendu-zerbitzuetarako sarbidea, arreta jarriz egoera zaurgarrian dauden neska, emakume eta pertsonengan; uraren kutsadura murriztea, kalitatea hobetzeko; uraren erabilera arduratsua; eta ekosistemak babestea eta garapen bidean dauden herrialdeei laguntzea, haiek dutelako premia handiena urarekin eta saneamenduarekin lotutako programak sortzeko.
Gainera, 1. GJHaren 1.4 xedeak, hau da, pobrezia bere forma guztietan ezabatzeak, oinarrizko zerbitzuetarako sarbide unibertsala eskatzen du, adibidez, ura eskuratzea; eta 4. GIHaren 4a xedeak, kalitateko hezkuntzari buruzkoak, zehazten du eskola guztiek izan behar dituztela saneamenduko, uretako eta eskuak garbitzeko oinarrizko instalazioak. 5. GJHak, genero-berdintasunari buruzkoak, bere xedeetan jasotzen du, halaber, "emakumeek eskubide-berditasuna izatea baliabide ekonomikoei dagokienez, eta erreformak abiaraztea jabetza eta lurraren eta beste ondasun mota batzuk, finantza-zerbitzuak, oinordetza eta baliabide naturalak kontrolatzeko, estatuko legeekin bat etorriz". Baliabide natural horien artean dago ura eskuratzea, giza eskubide gisa.
GJHen azken txostenak (2019) orain arte egindako ahaleginak erakusten ditu, eta datu itxaropentsu batzuk ematen ditu; hala, edateko ur osasungarriaren eskuragarritasuna 2000. urtean %61 izatetik 2017. urtean %71 izatera pasatu da. Gainera, modu seguruan kudeatutako saneamendu-zerbitzuak erabiltzen dituzten munduko biztanleen proportzioa %28tik %45era igo da 2000tik 2017ra. Kopuru horiek gorabehera, txostenak zenbait ondorio atera ditu, eta horietan azaltzen du berehalako neurriak hartu behar direla milaka milioi pertsonari edateko ura eta modu seguruan kudeatutako saneamendua emateko. Horrez gain, esaten du ur-eskasiak eragindako estresak kontinente guztietako pertsonei eragiten diela eta berehalako neurri kolektiboak hartzea eskatzen duela, gaur egun herrialdeen herenek estres-maila ertain-handia jasaten baitute ur-eskasiagatik (Garapen Jasangarrirako Helburuen Txostena, 2019).