Ekuadorko Amazoniako lurraldeak herrialde osoaren %51 hartzen du. Orellanako probintzia Ekuadorko sei probintzia amazonikoetako bat da, eta 21.675 km² ditu. Ipar-ekialdeko probintzia honen %92 oihan birjina da. Yasuni parke nazionalak Pastaza eta Orellanako probintziak hartzen ditu. Biosfera-erreserba honetan naturgune babestu batean inoiz erregistratu gabeko bioaniztasun zifrak jaso izan dira.
#34
Ingurumen Hezkuntzako eta Oihan Tropikal Hezeen Interpretaziorako Zentroa
Artikuluak buletin honetan...
- 1Testuingurua
- 2Interpretazio zentroa
- 3Interpretazio ikasgela
- 4Auditorioa
- 5Ikasgela-lantegia
Testuingurua
01
10.200 km²-tan 2.200 zuhaitz eta zuhaixka espezie baino gehiago daude, 200 ugaztun eta arrain espezie baino gehiago, 610 hegazti klase, 150 anfibio mota, 121 narrasti klase eta ehunka mila intsektu espezie. Hau da, zuhaitz batean 50 inurri espezie topatu ahalko genituzke. Horrez gain, parke honek munduko marka dauka epitafieti dagokienez; beste landare batzuk euskarri gisa erabiltzen dituzten landareak dira epitafitak.
Testuinguru honetan, eta fauna basatia babesteko helburuarekin, CocaZoo animalia basatien babeserako zentroa jaio zen 2008an, probintziako hiriburu den Puerto Francisco de Orellanan. Nazioarteko Elkartasuna-Solidaridad Internacionalek, Oihaneko Adierazpenaren eta oihanerako alternatiben sustapena Orellanan, Ekuador programaren bidez emandako laguntzari esker, proiektuari gehitu zaio Orellanako Probintziako Ingurumen Hezkuntzako eta Oihan Tropikal Hezeen Interpretaziorako Zentroa (CEAI-BHTPO). Zentroaren helburua da ingurumen hezkuntzak, dibulgazioak eta kontserbazioak zein erabilera jasangarriak daukaten garrantziaz kontzientzia sortzea.
Halaber, zentroaren bidez oihan tropikal hezearen errealitatearen inguruko hausnarketa piztu nahi da oihana bisitatzen dutenen artean. Zentroak erreskate funtzioa betetzen du baita ere, eta kontzientzia pizten du basogabetzearen, etengabeko ehizaren eta oihaneko animalien komertzioaren ondorioz oihanean hautematen gero eta zailagoak diren animalien inguruan.
Interpretazio zentroa
02
Oihaneko Adierazpenaren eta oihanerako alternatiben sustapena Orellanan, Ekuador programaren helburua da oihan tropikal hezearen kontserbazioan eta erabilera jasangarrian ekarpena egitea, tokiko garapenerako alternatiba gisa. Helburu horiek erdiesteko, gaitasun instituzionalak indartu dira eta herritarrak sentsibilizatu dira ingurumen kontuetan.
Nazioarteko Elkartasuna-Solidaridad Internacionalek programaren bidez egindako lanaren emaitzetako bat da Orellanako Probintziako Ingurumen Hezkuntzako eta Oihan Tropikal Hezeen Interpretaziorako Zentroa (CEAI-BHTPO) eraiki izana. Ingurumen hezkuntzaren, dibulgazioaren eta kontserbazio zein erabilera jasangarriaren garrantziaz sentsibilizatzea helburu duen zentroa da. Erreferentziazko espazioa da tokiko zein kanpoko herritarrak, haurrak batez ere, sentsibilizatzeko eta hezteko, ingurunearekiko harreman jasangarria sustatu dadin.
Zentrora bertaratzen direnek oihan amazonikoaren errealitatea eta azken urteetan izan duen bilakaera ezagutzeko aukera izango dute, kontuan hartuta sistema antropogenikoak eta egungo sistema ekonomikoak zonaldean izan duten eragina. Ekipamendua eraikitzeaz gain, teknikariei sostengua eman zaie ingurumen hezkuntzari eta oihanen erabilera zein kontserbazioari buruzko gaikuntzen bidez.
CEAI-BHTPO zentroak hiru espazio nagusi dauzka; bertaratzen direnei bisita osoagoa eskaini eta, aldi berean, elkarren arteko osagarri izan nahi duten espazioak dira.
Espazio hauetako bakoitzak funtzio jakin bat betetzen du, CocaZoo udal zentroko bisita osatzeko asmoarekin.
Interpretazio ikasgela
03
Espazio honen bidez bisitariak oihan tropikal hezean murgiltzen hasten dira. Informazioa eskaintzen da oihanaren aberastasun natural, humano eta espiritualaz, eta baita kontserbatzeko dauden arazo eta alternatibez ere. Ekintzak ibilbide interaktibo baten bidez egiten dira, eta tartekatu egiten dira informazio-panelak eta ikus-entzunezkoak. Ibilbidea hiru zonaldetan banatuta dago.
-
Lehenbizikoan oihan tropikal hezea zer denjakiteko parada dago, eta Amazonia dela oihan horren espazio nagusietako bat. Batetik, Ekuadorko Amazoniako flora eta fauna aberatsa ezagutzeko aukera dago, eta zehatzago, Orellanakoak. Horrez gain, zonaldeko giza aberastasunari erreparatzen zaio baita ere; izan ere, probintziako hainbat herri indigena ezagutzeko parada ere badago, esaterako, Tagaeri eta Taromenani herriak. Halaber, ipuinez lagunduta, kosmobisio indigena azaltzen da, eta nola ulertzen duen ikuspegi horrek gizakien, animalien, landareen eta espirituen arteko lotura.
-
Bigarren zonaldeak oihan tropikal hezeak dituen arazoak azaltzen ditu, eta etorkizunari buruzko hausnarketa sustatzea du helburu. Arazo nagusietako bat oihanaren estaldura-galera da. Bestelako arazoak ere baditu, hala nola flora eta fauna espezieen trafiko ilegala, eta petrolio-industriak Orellanako oihan amazonikoan eragindako kalteak. Etorkizunari buruzko hausnarketa piztea da espazio honen helburua.
-
Azkenik, hirugarren zonaldean oihan tropikal hezea kontserbatzeko eta babesteko ekimenak ezagutarazi nahi dira. Ekoturismoa, kontserbazio-programak eta norbanakoen ekintzak gakoak dira oihan amazonikoa kontserbatzeko eta modu jasangarrian erabiltzeko.
Gelak 4 pantaila interaktibo dauzka, zeintzuetan bideoak eta aurkezpenak ikus daitezkeen, aipatutako 3 zonaldeetako gaiekin lotuak, eta bisitariek erraz aukeratu ahal dituzte ikusi nahi dituztenak. Interpretazio gelak osatu egiten du zoologikora egindako bisita, eta bisitaren amaierako hausnarketa sortu nahi du, animalia espezieak ikusteko ibilbidea egin ostean.
Auditorioa
04
Bigarren espazioa da. 60 pertsona har ditzake gutxi gorabehera, eta ikus-entzunezko ekipoak eta besaulkiak dauzka. Ingurumen gaiei buruzko foroak, hitzaldiak eta ekitaldiak antolatzeko erabiltzen da.
Horrez gain, espazio hori programatutako bisitari-taldeen egonaldiak osatzeko erabiltzen da baita ere; batez ere, CocaZoo hezkuntza eta didaktika programari atxikitutako eskolentzat, edo zoologikoa bisitatzen duten banakoentzat.
Ikasgela-lantegia
05
Azkenik, hirugarren espazio hau eskoletako bisitei zuzenduta dago bereziki. Auditorioko saioa egin ostean, animalien babeserako zentroa bisitatzen dute eta ikasgela interaktiboan egoten dira. Horren ostean, ikasgela-lantegian hainbat ekintza egiten dituzte haurrek. Marraztu, margotu, modelatu, jolastu... Hainbat gauza egiten dituzte espazio honetan, bisitan ikasitakoaren arabera. Espazio honetan mahaiak, aulkiak, proiektoreak eta audioa daude, CocaZoo-ari lotutako gaiei buruzko klaseak emateko.
Testuinguru honetan, gainera, Ingurumen hezkuntza eta sentsibilizaziorako eskola-programa bat prestatzen ari da udala, Orellanako oinarrizko hezkuntzako eta batxilergoko ikasleei zuzendutakoa. Programa horrek oinarri ditu inguruaren behaketa, analisia, gozamena eta hobekuntzaren bidezko ikaskuntza-jarduerak.